Beñat Intxausti podiumean atzoko etapa garaipenaren ostean
Atzoko mendiko etapa nagusian lider jarri ostean, Beñat Intxausti (Movistar Team) muxikarrak Pekingo Itzuliko sailkapen nagusia irabazi du gaur. Bertokoak ez du arazorik izan liderraren maillot gorriari eusteko, Pekingo Itzuliko azken etapa leunean. Hala, hamar segundoko aldea aterata, UCI Protour mailako azken proba irabazi du.
Muxikarra, “pozarren” azaldu da, denboraldia garaipen handi bategaz amaitu baitu. Hain zuzen, zazpi urte pasa dira euskal herritar batek maila goreneko itzuli bat irabazi zuenetik. Koldo Gil nafarrak Suitzako Itzulian lortu zuen azken garaipena itzuli baten, 2006an. Intxaustiren berbetan, garaipen eder bat izan da. Hala, talde guztiaren lana goraipatu du.
Denboraldia bukatu berri duela eta, muxikarra atseden hartzeko gogoz azaldu da. “Gaur gozatzea tokatzen zait, eta bihar etxera bidean jarriko naiz” azaldu du.