Gernika-Lumon egindako manifestazioetako bat
Bildon bildu dira gaur Herrira-ren abokatuak, Guardia Zibilak irailaren 30ean egindako polizia operazioa salatzeko. Sarekada ez zela legezkoa izan adierazi dute, eta oinarrizko giza eskubideak “larriki” urratu zituztela nabarmendu dute. Besteak beste, “askatasunerako, elkartzeko, defentsarako eta bidezko prozesu bat izateko eskubideak” urratu zituztela esan dute. Jakinarazi dutenez, gainera, badaezpadako neurrien kontra helegitea jarriko dute, “neurriz kanpokoak eta bidegabeak” direla iritzita.
Operazioak “kutsu politiko eta militar argiak” dituela salatu du Alfonso Zenon abokatuak. Herrira legezko elkartea dela gogorarazi du, eta, “estatutuetan ageri denez, presoen oinarrizko eskubideen defentsa” du helburu; xede hori “guztiz zilegi eta justua” dela esan du Zenonek, eta operazioarekin asmo hori “baliogabetu nahi izan dutela ohartarazi.
Herrira-n presoen eskubideen alde lan egin duten pertsonen jarduna “publikoa eta gardena” izan dela azaldu du, eta oroitarazi eragile politiko, sindikal eta sozialekin harremanak dituztela: “Bere ekimenak publikoak eta anitzak dira, euskal gizartean babes zabala duten aldarrikapenak babesteko”.