Pasabidea egingo duten lekua
Gernika-Lumoko Udalak 900.000 euroko kreditu bat eskatu du, herrian hiru obra garrantzitsu egiteko. Jose Mari Gorroñok barikuko osoko bilkuran azaldu zuenez, Santa Anatik Urbietara joateko pasabidea egingo dute, Astrako lurrak deskontaminatuko dituzte eta San Bartolome ingurua urbanizatuko dute kreditu horri esker. Udalak 20 urteren epean bueltatu beharko du dirua.
Egin beharreko proiektu garrantzitsuena Urbietara joateko pasabidearena izango da. Trenbidea goitik gaindituz, Urbietako erabiltzaileentzako azpiegitura eraikiko dute beharginek. Egokitzapenak eginez, Urbietarako sarbideetan auto ilarak eta ezbeharrak saihestea lortu gura du udalak. Hain zuzen, 520.000 euro bideratuko dituzte pasabidea egitera.
Lanak abenduaren 31 baino lehenago esleitzea espero du udalak. Hala, 2014ko hasieran hasiko lirateke pasabidearen obrak. Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak azaldu zuenez, «proiektua idatzita daukate». Hortaz, azken baimenak lortu behar dituzte lanekin hasteko.
Alde batetik, Uraren Euskal Agentziaren (URA) behin betiko baimena lortu behar du udalak. Agentziak txosten geotekniko bat egiteko eskatu du, proiektuari onespena eman aurretik. Bestetik, Kosta Mugapearen baimena ere lortu behar du udalak. Gorroñoren berbetan, «pasabidea eraikitzeko futbol zelaiko harmailak bota beharko lirateke», Kosta Mugapearen arabera. Hala, erakundeagaz harremanetan jarriko da udala, bi aldeak akordio batera hel daitezen.
Astrako lurzoru kutsatuaren arazoak konpontzeko, bestalde, udalak 323.000 euroko aurrekontua bideratu du. Jose Ramon Bilbao Bilduko zinegotziak zehaztu zuenez, baina, kopuru hori gehieneko zenbatekoa da. «160.000 eurogaz nahikoa izatea aurreikusten dugu, baina egoerarik txarrena islatu behar du aurrekontuak, badaezpada».
San Bartolome kaleko lanei dagokienez, 240.000 euro inguru bideratuko ditu udalak zonaldea urbanizatzera. Hala, Errenteria auzoko herritarrak ez dituztela ahaztu nabarmendu zuen Gorroñok.
EAJk, abstentzioa
Bilduko zein EAJko udal ordezkariek proiektu garrantzitsuak eta beharrezkoak direla adierazi zuten, baina EAJ abstenitu egin zen azken bozketan. Maria Uribe EAJko zinegotziaren berbetan, «Bilduk gardentasun barik jokatu du». Hirigintza batzorderik egin ez izana kritikatu zuen jeltzaleak.
Jose Mari Gorroño «minduta» azaldu zen Uriberen esanak entzunda. Haren berbetan, ez zuten gaia plenotik pasa behar, baina hala egin dute. Gainera, bidezko hirigintza batzordea egin egingo dutela jakinarazi zuen. Hala, EAJk informazio guztia izango duela aurreratu zuen.
Bestalde, udal soberakinak non dauden galdetu zuen EAJk joan den barikuko osoko bilkuran. Alderdi jeltzaleko kideek galdetu zutenez, «agintaldiaren erdian 700.000 euroko soberakina bazegoen, zergatik kreditu bat eskatu?».