
Ikastetxeetako eta udaleko ordezkariak, aurkezpenean
Herriko ikastetxeekin elkarlanean abiarazitako ekimenak dira biak.
Irakurriz gozatu ekimenak gazteen euskarazko irakurzaletasuna sustatu gura du eta 15-16 urteko gazteei zuzenduta dago. Bigarrena, barriz, 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat da.
Abereen eskola agenda bitartez, ikasleen eta gurasoen arteko hartu-emanak euskaraz izateko laguntza izan gura du.
Gazteen euskarazko irakurzaletasuna sustatu nahian,
Irakurriz gozatu ekimenaren baitan, Gaztezulo aldizkaria jasoko dute ikasleek. Bermeoko Udalak ikastetxeekin egindako elkarlanari esker, hain zuzen ere, 115 gaztek jasoko dute aipatu aldizkaria, urritik martxora bitartean. Gainera, aldizkariak antolatzen dituen ekintza osagarrietan parte hartzeko aukera ere izango dute ikasleek:
hi eta hire munduak bideo lehiaketan edota bertso lehiaketan. Bestalde, aldizkariak duen iritzi atalean Bermeoko ikasleentzako lekua ere egongo dela adierazi du Maite Alvarez de Zarate Bermeoko Udaleko euskara teknikariak.
Gaztezulo aldizkariak egungo gaiak jorratzen ditu eta paperean zein euskarri elektronikoan irakur daiteke. Orain arte, gazteen aldetik harrera “ona” izan duela nabarmendu dute; izan ere, aurtengoa ekimen hori bideratzen duten bederatzigarren urtea da.
950 eskola agenda
Bestalde, 6 eta 12 urte bitarteko umeei
abereen eskola agenda banatu zaiela azaldu dute, Bermeoko 950 ikaslek hartu dute aurten agenda hori. Yolanda Arrietak prestatu duen agenda da, eta horretan abereek gidatzen dituzte umeen eguneroko lanak eta planak.
Ikastetxearen, ikaslearen eta gurasoen arteko hartu-emanean eskola agenda tresna “garrantzitsua” dela aipatu du euskara teknikariak. Agenda horrek, hartu-eman hori euskaraz izan dadin laguntzea du helburu. Horrez gain, euskal kultura eta sormena lantzeko tresna ere izan nahi duela aipatu du. Aurten, gainera, agendak atal berria duela esan du Alvarez de Zaratek; “gurasoek irakasleei oharrak euskaraz idazteko ereduak batu dira agendan”.