‘Out-In’ taularatuko du Kukai dantza konpainiak gaur, Gernika-Lumon
http://www.youtube.com/watch?v=8L0-3tMrzm0
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
‘Sorbatza’ koreografia
Dantza garaikidea izango da ikusgai gaur bertan Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian. Ez da edozelako ikuskizuna izango, gainera, Kukai dantza konpainia igoko baita taula gainera. Karrikan ikuskizunaren garapena aurkeztuko du taldeak, Out-In izenekoa. Konpainiaren zuzendari Jon Maiaren hitzetan, “aurrekoaren egokitzapena da” Out-In, “bertsioa”.
2011. urtean sortu zuen Kukai dantza konpainiak Karrikan kale ikuskizuna, Leioako Umore azokarekin elkarlanean. Orain, baina, areto barruetara sartzeko moldatu dituzte ikuskizun hartako koreografiak, Out-In izanik emaitza. Maiaren esanetan, “lan diferentea” da. “Aurrekoarekin alderatuta, beste estilo bat dauka, mugimendu ezberdinak. Urrutirago jo behar izan dugu, horretara bultzatu gaitu. Aldi berean, oso interesgarria da, erregistro berrietan sartzeko aukera eman digulako”.
Bi koreografiatan dago banatuta: Aupa mutil! eta Sorbatza. Lehenengoa Iker Gomez koreografoarekin osatu dute, eta bigarrena, Damian Muñoz eta Virginia Garciarekin. Durangaldeko ezpata dantzaren inguruko dantzei buruz gogoeta egiteko eskatu zien Kukaik Muñozi eta Garciari, eta Los Angelesko auzo txiroenetan sortutako eta borroka sinbolo bat den krump estiloa eta ezpata dantza uztartzea proposatu zuten bi koreografoek. Haien arabera, “oreka berrezarri nahi duten lau gizonezkoen arteko errituala da” Sorbatza. “Gerra sinbolo bat, bakea eraikitzeko; bizitzaren sinbolo bat heriotzari konjurua egiteko”.
Gomezi, bestetik, Gipuzkoako dantzetan inprobisazioaren inguruan dauden dantzei buruzko gogoeta bat egiteko eskatu zioten. Koreografia osatuta, ondorengo hitzekin azaltzen du Aupa mutil! Gomezek: “Nahiz eta nekatuta, lehertuta, akituta, jota, mareatuta… egon; beso, hanka eta bizkarra izorratuta eginda izan eta birikak aurkitu ezinda nabilen hitz bat garrasi egiteaz erabat hustuta izan… badakit harrotasun kontu bategatik zutik jarraituko dudala”.
60 bat minutu irauten dituen saioan, beraz, hainbat estilo landu ditu ikuskizun garaikideak sortzeko euskal dantza tradizionaletatik abiatzen den konpainia errenteriarrak.
‘OUT-IN, karrikan’
Zuzendaria. Jon Maia.
Koreografia. Damian Muñoz, Virginia Garcia, Iker Gomez.
Prezioa. 12 euro (Lizeo Antzokiko bazkideek, 9 euro).
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.