‘Almadraba Uno’ atunontzia
Delitu ekologikoa egitea leporatuta, urriaren 2an epaitu zituzten Dakarren Petusa enpresa galiziarrarena den
Almadraba Uno ontziko patroia eta kapitaina, biak bermeotarrak. Sei hileko kartzela zigorra ezarri diote, baina bakarra bete beharko dute. Hala, irailaren 13an atxilotu zituzten bi arrantzaleak domekan utziko dituzte libre Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi legez. Bermeoko bi arrantzaleez gain, preso duten Ghanako arrantzalea ere libre utziko dute. Enpresak, baina, 3 milioi euro ordaindu beharko dio Senegaleko Itsas Gaietako Agentzia Nazionalari eta 150.000 euro, barriz, Senegaleko Estatuari.
Abuztuaren 2an
Almadraba Uno atunontziak Senegaleko kostaldeko babestutako gune batean hondoa jotzeagatik epaitu dituzte arrantzaleak, eta delitu ekologikoa egitea leporatu diete.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo azaldu legez, “Gobernuarentzako albiste baikorra da hau eta lasaitasuna sentitu izan dugu, bi arrantzaleen askapenaz hitz egin dezakegulako”. Jakinarazi duenez, arrantzale bermeotarren asmoa, etxera bueltatzea da libre geratu bezain pronto. Hala ere, Erkorekaren arabera, Jaurlaritzatik “ez dakite zein den horien egoera pertsonala”, atxilotu zituztenetik ez baitute zuzeneko harremanik izan.