Bizkaiko Foru Aldundiak
Eman giltza-Hablale, escuchale kanpaina jarri du martxan, euskararen transmisioa familia barruan sustatzeko asmoz. Bizkaiko 54 erakundek, 2 mankomunitatek eta 39 udalerrik parte hartzen dute aipatu kanpainan: horien artean, Lea-Artibaieta Busturialdekoek. Euskara belaunaliz belaunaldi transmititzeko orduan, familia “garrantzitsua” dela nabarmentzea du helburu aldundiaren proiektu horrek.
Argazkian, Ana de Castro, Andoni Busquet eta Lander Aiarza, ekimenaren aurkezpenean. Argazkilaria: Bizkaiko Foru Aldundia
Jaioberrietatik 6 urtera arteko umeen gurasoei zuzendutako kanpaina da aldundiak abiarazitakoa, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskarako zuzendari Ana de Castrok aurkeztu du, EUDELeko Andoni Busquetekin eta Txorierriko Mankomunitateko presidente Lander Aiarzarekin batera. Hala, kanpaina hori baliatuz, euskararen erabilera sustatzeko zenbait aholku jasotzen dituzte gurasoek, aldundiaren eskutik. Horrez gain, ekimenari buruzko informazioa emateko sortutako webgunearen berri ere izango dute guraso horiek. Informazio hori guztia eskuratzeaz gain, adurzapiak, askarirako poltsak, autorako pegatinak eta KU-KU gidak (euskarazko hitzak, esapideak eta kantak biltzen dituen disko batekin) ere jasoko dituzte 10.000 familiek eta aipatu bi mankomunitatek.
Ekimen horretan, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko hainbat udalerrik parte hartuko dute: Etxebarrik, Gernika-Lumok, Kortezubik, Markina-Xemeinek, Mundakak, Munitibarrek eta Sukarrietak, esaterako. Horiekin batera, Enkarterri eta Txorierriko mankomunitateek eta Abadiño, Abanto-Zierbena, Amorebieta-Etxano, Arrankudiaga, Arrieta, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Berriz, Bilbo, Durango, Elorrio, Erandio, Ermua, Etxebarri, Fruiz, Galdakao, Gordexola, Laukiz, Leioa, Lemoa, Maruri-Jatabe, Muskiz, Orozko, Ortuella, Sestao, Trapagaran, Ugao-Miraballes, Urduña, Zaldibar, Zeberio eta Zierbena udalerriek ere parte hartuko dute.