Kale animazioa iazko Bermistorian
Urriaren 12tik 24ra bitartean egingo da aurten Erdi Aroan girotuta dagoen Bermnistorian, eta ohiko antzinako azokaz gain, hitzaldiak, bisita gidatuak eta ikuskizunak izango dira, besteren artean. “Giro alaian murgilduta” bai herritarrek zein bisitariek Bermeoko iragana ezagutzeko aukera izango dutela nabarmendu du Bermeoko Udaleko kultura zinegotzi Aingeru Astuik.
Aurreko urteetako moduan, Alde Zaharrean kokatzen duten Erdi Aroko azoka izango da protagonista nagusia. Urriaren 19an eta 20an izango da hori. Azoka horretan, hainbat izango dira eskuragai izango diren produktuak: gaztak, eztia, txokolateak, kremak, xaboia, bitxiak izango dira beste hainbaten artean. 60 saltoki inguru izango direla zehaztu dute. Erdi Aroko azoka zapatuan, goiz eta arratsaldez zabalik izango da; 10:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Bomekan, aldiz, goizez bakarrik; 10:00etatik 15:00etara.
Alde Zaharrean, Erdi Aroko giroa ere ez dela falta izango aipatu du Astuik. Besteren artean, arkuzko tiroaren taldeak antolatutako jaurtiketak, zeramika tailerrak, loren tailerrak, oholezko jokoak eta Izaro Abesbatzaren kalejira izango dira. Kale animazioa ere kalejiran ibiliko dela azaldu dute. Astuiren esanetan, “herrian giro polita sortuko dute Bermeo Erdi Arora eramanez”. Urriaren 19rako, gainera, ludotekak eta gaztelekuak umeentzako eta gazteentzako ekintza bereziak prestatu dituztela zehaztu dute.
Europako Ondarearen Jardunaldiekin bat egingo du beste behin ere Bermistorianek. Hala, asteburu honetan hasiko dira Ertzilla dorrera egingo dituzten bisita gidatuekin. Urriaren 12an, zapatuan, 12:00etan euskaraz izango da bisita, domekan, aldiz, gazteleraz. Bestalde, 1983ko uholdeen ondorengo birgaitze lanak ezagutzeko bidita gidatuak ere egingo dira: urriaren 15ean, 20an eta 24an, 12:30ean (euskaraz); eta urriaren 17an eta 22an (gazteleraz), 12:30ean. Horietan, San Frantzisko eliza eta klaustroa, Kasinoa, Lamera eta egun liburutegia eta Turismo Bulegoa hartzen dituen Telegrafosen eraikin zaharra bisitatuko dituzte. Bisita gidatu guztiak, doanekoak direla zehaztu dute.
Bestalde, bi hitzaldi ere antolatu dituzte. Lehenengoa urriaren 15ean izango da, Bermeoko Ertzilla Dorreari buruzkoa. Bigarrenean, barriz, Tribisburu nekropoli erromatarraren inguruan ariko dira, urriaren 19an.
Herritarrei zein bisitariei Bermistoriaren baitan egingo diren jarduera ezberdinetan parte hartzera gonbidatu dituzte. Kultura zinegotziaren arabera, “gure historia ezagutzeko, eta aldi berean, mota askotako jarduerein disfrutatzeko aukera ezin hobea egongo da”.