Urdaibain arrano arrantzalea berreskuratzeko proiektuan askatutako
Artia izeneko hegaztia Oiz mendiko magaletan aurkitu dute elektrokutatuta. “Zoritxarreko istripu” horrekin, Urdaibai Bird Centerrekoek espero dute hegaztientzako “hain arriskutsuak” diren sare elektriko horien inguruan neurriak har ditzaten, halako arazoak ekiditeko.
Arrano arrantzalearen berreskurapen proiektua hasi du Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrek aurten Urdaibaiko Biosfera Erreserban, Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz batera. Horretarako, Eskoziatik ekarritako 12 txita askatu zituzten Biosfera Erreserbako paduretan, urte batzuen buruan, espezieak Euskal Herrian kuma dezan.
Hala, hegaztien zaintze eta monitorizazio lanak egin ostean, hegaztiak askatzen joan ziren beraien egoera fisikoaren arabera. Askatutako horien artean, bost hegaztiri GPS transmisorea jarri zieten, ikerlariek beraien kokapena jakin dezaten. Horri esker, jakin ahal izan dute bost arrano arrantzale horietatik batek Afrikara heltzeko arazoak izan dituela;
Artia izenekoak, alegia.
“Sateliteak
Artia geldi zegoela adierazten zuen, eta arranoari zerbait gertatu zitzaiola adieraz zezakeen”, azaldu dute Urdaibai Bird Centerrekoek. Hegazti horren GPSari jarraituta, Oiz mendiaren magalean aurkitu zuten
Artia, dorre elektriko abten azpian elektrokutatuta. Bere aldamenean, gainera, elektrokutatutako beste harrapari baten arrastoak aurkitu zituzten.
“Hegazti horiek migrazio bidaiei ekiten dietenean beti pentsatzen dugu gurutzatu behar dituzten oztopo geografiko handietan, baina benetan ez gara konturatzen benetako oztopoak gizakiak ezarritakoak direla. Kasu honetan, esaterako, heriotzaren kausa isolatu gabeko dorre elektriko bat izan da”, adierazi dute Gautegiz Arteagako zentrokoek.
Are gehiago, uste dute talka eta elektrokuzioagatik gertatutako istripuak heriotza ez-natural gehien eragiten dituzten arrazoi garrantzitsuak direla hegazti handienene artean. Urdaibaiko birsartze proiektuan askatutako zikoinen %20a elektrokuzioengatik edo talkagatik hil Biosfera Erreserban gogora ekarri dute, eta, horregatik, Jaurlaritzako Biodibertsitate zuzendaritzak Urdaibain are elektrikoaren aldaketa prozesu bat martxan jarri zuela gaineratu dute. Horren ondorioz, inguru horretan “egun istripu arriskua oso baxua” dela dio Bird Centerrek.
Dena den, Urdaibaitik ateratzen direnean puntu arriskutsu ugarirekin topo egiten dutela-eta, hegaztientzako “hain arriskutsuak” diren sare elektriko horien inguruan neurriak har ditzaten eskatu du Urdaibai Bird Centerrek; hala,
Artiarekin gertatutako arazoa zein bestelakoak saihestuko lituzkete.