Gernika Bizkaiako eta Bizkaia GDKOko jokalariak aurkezpenean (zuriz, gorriz eta urdinez jantzita doaz bertoko neskak)
Bizkaiko Foru Aldundiak emakumezkoen saskibaloia indartzeko proiektua sendo bat aurkeztu zuen atzo, eta bertan izan ziren Gernika Bizkaia Saskibaloi taldeko kideak. Bizkaialde Fundazioaren laguntzagaz saskibaloia maite duten neska bizkaitarrek goi mailara heltzeko aukera izatea da proiektuaren helburu nagusia. Helburu hori betetze aldera, Gernika Bizkaia eta Bizkaia GDKO (Galdakao) taldeek ardura handia izango dute.
Emakumezkoen Lehen Mailan arituko den taldea Bizkaia GDKO izango da, joan den denboraldian igoera lortu baitzuen. Gernika-Lumoko taldea, bestalde, Lehen Mailaren eta Euskal Ligaren arteko lotura gunea izango da lurraldeko kirolari gazteentzat. Hala, maila batetik bestera salto egitea errazagoa izango da saskibaloi jokalarientzat.
Gerardo Candina Gernika Bizkaiaren presidenteak proiektuaren aurkezpenean azaldu zuenez, “proiektu oso garrantzitsua izango da Bizkaiko saskibaloi jokalarientzat”. Hala, “pozarren” azaldu da, akordio lortzeko “bi minutu” behar izan dituztela nabarmenduz. Bizkaialderen laguntza barik, gainera, emakumezkoen Bigarren Mailan jokatzea ezinezkoa litzatekela esan zuen.
Candinaren berbetan, Bizkaiko bi talde garrantzitsuenen artean lurraldeko hamar jokalari batzen dituzte; zazpi Gernika Bizkaian eta hiru Bizkaia GDKOn. Dena den, etxeko jokalarien kopuruak goraka jarraitzea nahi du Candinak, bertoko neskei goi mailako ligetan parte hartzeko aukera emanez.
Candinaz gain, taldeko bost jokalarik ere parte hartu zuten proiektuaren aurkezpenean.