Rafa Atekak eta Igor Zatikak irabazi zuten Gernika-Lumoko rallya iaz
Eskualdeko motor zaleek zita garrantzitsua izango dute asteburuan. Hain zuzen, Gernika-Lumoko rallya lehiatuko dute
58 bikotek. Barikuan, esaterako, egiaztatze administratibo eta teknikoak pasatu beharko dituzte partehatzaileek, 18:00etatik 20:30era bitartean. Zapatuan, bestalde, rallyaren erlojupeko
lau atalak lehiatuko dituzte gidariek eta kopilotuek. Atal bakoitzetik birritan pasa beharko dute.
Aurten parke itxiaren kokapena aldatu dute Gernika Racing taldekoek. Jakinarazi dutenez, Pasealekuan jarriko dute parke itxia. Duela 20 urte antolatutako Gernika-Lumoko rallyko lehen parke itxia bertan jarri zuten. Hala, lasterketaren sustraietara bueltatuko dira antolatzaileak.
Bihar goizean bi atal burutu beharko dituzte bikoteek. Zugaztieta auzoaren (Muxika) inguruan hasiko da lehenengo atala. Muniketa mendatetik pasatuz, atala Urrutxua auzoaren (Muxika) parean amaituko dute. Goizeko bigarren atala, bestalde, Munitibarren hasiko da, eta Ajangizko Mendieta auzoan amaituko da. Zugaztietako atala 10:10ean hasiko da.
Arratsaldeko lehen atalari, bestalde, 15:30ean emango diote hasiera, Gernika-Lumon bertan. Parte hartzaileak Lumon gora hasiko dute ibilbidea, Metxikara (Errigoiti) arte joanez.Handik, bestalde, Arrietarantz joango dira bikoteak. Hain zuzen Jainko auzora igotzeko dagoen bidegurutzearen parean amaituko da arratsaldeko lehen atala.
Bigarren atalean, berriz, Fruiztik Morgara arte joan beharko dute parte hartzaileek. Arratsaldean ere, auzo bideetatik pasa beharko dute gidariek eta kopilotuek. Hala Botiola (Fruiz), Meaka (Morga) eta Meakaur (Morga) zeharkatuko dituzte, besteak beste.
Rallyko zortzi pasaldiak amaituta, 18:30etik aurrera helduko dira bikoteak Gernika-Lumoko parke itxira. Sari banaketa, bestalde, 20:00etan egingo dute.