Urriaren 30era arte eska daitezke gidabaimena euskaraz ateratzeko laguntzak
Bermeoko Udalak gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin duten bermeotarrentzako diru laguntzak ematen ditu. Euskara Sailetik adierazi duten moduan, Berh@z bulegoan aurkeztu beharko dira eskariak urriaren 30a baino lehen. Azaldu dutenez, eskaera orria, NAN-aren fotokopia eta kontu korrontearen zenbakia aurkeztu beharko dira Berh@z bulegoan. Laguntza horien bitartez, udalak gazteak animatu nahi ditu gidabaimena prestatzeko ere euskara erabil dezaten, “batez ere gazteek izaten dute gidabaimena prestatzeko interesa eta gehienak euskaraz alfabetatuta daude”.
Diru laguntza horiek Bermeoko Udalaren Euskara Sailak ematen ditu eta 750 euro dituzte horretarako aurreikusita. Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek 150 euroko diru laguntza jasoko dutela zehaztu dute. Baldintzak, barriz, hurrengoak dira: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egin izana eta udalarekin zorrik ez izatea.
Bermeoko autoeskoletan gidabaimena euskaraz prestatzeko aukera badagoela jakinarazi dute Euskara Sailetik, “teorikako liburua eta testak egiteko informatikako programa euskaraz dutelako”.