Iriondo bildutakoen txalo zaparrada jasotzen
Rafa Iriondo (1918; Gernika-Lumo) Athleticeko jokalari ohiak omenaldi xume baina unkigarri bat jaso zuen atzo. Hain zuzen, zurigorrien filosofia eta baloreak zabaltzeagatik omendu zuten gernikarra Athleticek eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Eskertza ekitaldiaren ostean
Mende bat eta 90 minutu dokumentala proiektatu zuten Lizeo Antzokian. Iriondok paper garrantzitsua dauka dokumental horretan, azaleko irudian agertuz. Gernika-Lumoko Udalaren, eta dokumentalaren sustatzaileen oroigarri bana jaso zuen bertokoak. Ez zuen berbarik egin, baina harengatik hitzegin zuten ekitaldian parte hartu zutenek.
Omenaldian, Maurio Ugartemendia
Mauri eta Ritxi Arrien Gernika-Lumoko futbol jokalari ohiek eta Jose Angel Iribar atezain ohiak parte hartu zuten. Modu berean, Unai Rementeria Foru Aldundiko Lehendakaritzako Foru diputatuak, eta Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak ere hartu zuten hitza Lizeo Antzokian.
Neskatila baten eskuetatik jaso zuen Aldundiaren eta Athleticen oroigarria Iriondok
Oholtzatik pasa ziren guztiek Iriondoren lan eredugarria goraipatu zuten. Diskurtso bera irakurtzen ari balira bezala, futbolaren eta Athleticen baloreak zabaldu dituela esan zuten hizlariek.
Iribarrek bereziki gogoan ditu gernikarraren aholkuak. Jakinarazi zuenez, “futbolean ondo jokatzeko gorputza eta burua zaindu behar direla zioen, eta medikua baino sinesgarriagoa zen”. Haren aholkuek, gainera, bizitzari aurre egiteko ere balio dutela deritzo atezain ohiak. “Aholku sinpleak ematen zituen, baina ikaragarri onak” gogoratu zuen.
Jokalari eta entrenatzaile handia
Iriondok, Gainzak, Panizok, Venanciok eta Zarrak Athleticen aurrealde ospetsuenetako bat osatu zuten. Gaur egun, Iriondo baino ez da bizi, baina bost jokalari horien balentriak gogoan dituzte Athletic zaleek. Jokalari bezala, bertokoak hamahiru denboraldi jokatu zituen Athleticen. 323 partida jokatu zituen 115 gol sartuz. Zurigorrien elastikoa jantzi zuen urteetan lau kopa eta liga bat irabazi zituen.
Entrenatzaile bezala ere aritu zen, jokatzeari utzi ostan. Besteak beste, Athletic, Erreala, eta Betis entrenatu zituen. Kopa bana irabazi zituen Athleticegaz eta Betisegaz.