![Maite Goiriena Goikoetxearen argazkia](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2013/10/p1867ni5fu1hv81ijk0mr0mlm54-300x201.jpg)
Maite Goiriena Goikoetxearen argazkia
83 argazki jaso ditu Ibilaldia Elkarteak
Urdaibai eta Bihozfera izeneko lehiaketarako, baina saria Maite Goiriena Goikoetxeari ematea erabaki du epaimahaiak, bihotz baten barruan bildutako hazien argazkiarengatik. Goirienak berak honela azaldu du irudia eta lanak 2014ko Ibilaldiarekin daukan lotura: “Hemeretzi hazi agertzen dira argazkietan (Euskal Herriko produktuen haziak). Hemeretzi hazi, hemeretzi herri (eskualdea osatzen duten herriak). Haziak erainda ernaltzen da Urdaibaiko Biosfera; herri bakoitzeko euskalkiek ernaltzen dute euskararen bihozfera. Hazi txikienetik haz daiteke zuhaitzik sendoena eta hazi trauskilenetik lorerik ederrena. Dibertsitateak dakar aberastasuna, hizkuntzaren dibertsitateak, euskararen dibertsitateak, euskararen bihozfera”.
Egindako lan horri esker, Garaixe Etxea landetxean bi pertsonarentzako gau biko egonaldia (spa eta saunarekin) irabazi ditu Goirienak.
Jasotako lan guztien artean hogei aukeratuta, erakusketa ibiltari bat antolatu du Ibilaldia Elkarteak, eta joan den zapatuan Gernika-Lumoko Euskal Jaian erakutsi ostean, Muxikara eroan dute. Hango kultur etxean egongo da ikusgai, hilaren 14ra arte, eta 09:00etatik 13:30era eta 15:30etik 20:00etara bisita daiteke.
Ekitaldi batetik bestera
Bata bestearen atzetik datoz Ibilaldiaren aldeko jarduerak. Bariku honetan, esaterako, afari berezi bat dago aurreikusita. Muxikako Ariatza auzoko txokoan egin dute hitzordua, 21:30ean. Boroa jatetxeko Jabier Gartziak eta Ander Undak prestatuko dute afaria, eta menua ondokoa izango da: foie eta txakolin bonboia, krispetez inguratuta, sagar gainean, txokolate eta espezien ogiarekin; Busturiko tomatea, textura desberdinetan; Armintzako hegaluze marmitakoa; legatz mokadutxoa, porru ganben brandada eta hinojo aparrarekin; Errioxar ardotan erregositako buztana, ezkai sagarrarekin; eta hostopilezko tostadak, arrozesne krema eta izozkiarekin.
Afarirako txartelak Gernika-Lumoko Lagun-Etxea eta Muxikako Kaltzada tabernetan daude salgai. Gainera, jakinarazi dutenez, Gartziak eta Undak prestatutakoaren inguruko azalpenak emango dizkiete mahaikideei.
Bestalde, hamabost litroko Ramon Bilbao ardo botila baten zozketarako txartelak euro baten truke ari da saltzen 2014ko Gernika-Lumoko Ibilaldia antolatzen ari den elkartea. Jakinarazi duenez, 2013ko urriaren 25ean egingo dute zozketa, 21:00etan, Ibilgunean (Arrien zaharra) eta urriko azken astelehenean emango dute saria, 12:00ak aldera.
Graffity eta DJ master class-ei dagokienez, izena emateko epea luzatu dute. Interesatuta egonez gero, Ibilgunera (dendan) jo beharko da urriaren 12an, 11:00etatik 14:00etara.
-
-
Maite Goiriena Goikoetxearen argazkia
-
-
Erakusketa ibiltaria, Euskal Jaian. Argazkia: Ibilaldia Elkartea
-
-
Erakusketa ibiltaria, Euskal Jaian. Argazkia: Ibilaldia Elkartea
-
-
Erakusketa ibiltaria, Euskal Jaian. Argazkia: Ibilaldia Elkartea
-
-
Maite Goiriena –ezkerrean– eta Ibilaldia Elkarteko kideak, sari banaketan. Argazkia: Erlantz Ortiztan
-
-
Erakusketa ibiltaria, Euskal Jaian. Argazkia: Ibilaldia Elkartea