Astra alboko aparkalekua
Busturialdeko EAJ “pozik” agertu da Gernika-Lumon Enpresa eta Berrikuntza Zentro bat egiteko proiektuak aurrera egingo duelako. Hain zuzen, joan den astean jakinarazi zuen Aldundiak Eusko Jaurlaritzak eta diputazioak berak zentro hori eraikitzeko zortzi milioi euro bideratuko dituztela. Zehazki, bost milioi euro jarriko ditu Jaurlaritzak, eta hiru milioi euro Aldundiak. Hala, Bizkaian egingo dituzten inbertsio esanguratsuenen artean dago Gernika-Lumoko proiektua.
Busturialdeko EAJren arabera, dena den, “funtsezkoa” da eskualdean bi industrialde garatzea, Muxikakoa zein Gernika-Lumoko Ibarrekoa”. Izan ere, alderdi horren iritziz, “bateragarriak eta ezinbestekoak” dira eskualde osorako. Hori dela eta, egitasmo horiek biak gauza daitezen lanean jarraituko duela adierazi du, “Busturialde osorako aberastasun iturri direla” nabarmenduta.
Eskaria berria ez dela eta, udal eta foru hauteskundeetarako hauteskunde kanpainan Gernika-Lumoko EAJk “Ibarreko industrialdea suspertzeko proiektu eta jarduera zehatzak” proposatu zituela ekarri du gogora Busturialdeko EAJk. Halaber, Ibarra industrializatzeko interes hori udalean adierazi izan duela nabarmendu du, “hainbat mozio eta proposamen” tarteko.
Busturialdeko hautetsiek joan den otsailean Ajangizen egindako bilera ere aipatu dute jeltzaleek. “Bilera hartan bi erabaki hartu ziren: batetik, Muxikako eskualdeko poligonoa egiteko Zati Plana onartzeko dauden arazoak desblokeatzea, eta, bestetik, Gernika-Lumoko Ibarreko poligonoa bultzatzeko modua aztertzea”. EAJk azaldu duenez, “bigarren akordio hori gauzatze aldera, Aldundiak antzinako mahai tresnen lantegietan dituen lurretan egitasmo bat gauzatzeko aukerak aztertzeko” eskatu zion Aldundiari, “ibarreko suspertze ekonomiko eta industrialari ekin ahal izateko”.