Aldundiak urte amaierara arte luzatuko die alokairua Bermeoko sutean kaltetutako familiei
Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi legez, familia bakoitzaren egoera zein den ezagutzeko elkarrizketak egiten aritu izan dira azken egunotan. Familia-unitate bakoitzari lotutako errealitatea “konplexua” dela ikusita, hil honen 16tik 18ra bitartean amaitzen ziren kontratuak luzatzea erabaki dute. Hala, sutean kaltetutako familiek foru-etxebizitzetan jarraitu ahalko dute abenduaren 31ra arte. Aldunditik adierazitakoaren arabera, “foru-etxebizitzetan ostatu hartu duten familia bakoitzaren egoerari irtenbide egokiena emateko aukera emango du erabaki honek”
Barikuan, sei hile beteko dira Bermeoko Alde Zaharreko Nardiz Tar Jon kalean sua piztu zenetik. “Azken 30 urteetan Bizkaiko herrigune batean piztu zen suterik handiena” zela esan zuen orduan Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak. Sutearen ondorioz, lau eraikin erori ziren. 70 lagun inguru etxe barik geratu ziren, 35 familia. Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeon dituen foru-etxebizitzak eskaini zizkieten kaltetuei. 25 familia daude, hain zuzen ere, Zubiaur Tar Kepa kalean kokatuta dauden etxebizitzetan. Hasiera batean sei hilabeterako kontratua sinatu zuten. Orain, barriz, familien egoera kasuz kasu aztertu ondoren, kontratu hori urte amaierara arte luzatzea erabaki du Foru Aldundiak.