Iazko zenbait parte hartzaile
Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Bermeo Txirrindularitzak antolatutako kirol jarduera hori datorren domekan izango da, hilaren 13an. Aurtengoa hirugarren ziklokros eguna izango da eta iazko moduan Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik gorako edozein herritarrek parte har dezakeela azaldu dute antolatzaileek.
Izaera herrikoia eta soziala duen lasterketa da domekakoa. Adin guztietako herritarrak erakarri asmotan, sei dira antolatu dituzten lasterketak, adinaren araberakoak. Hasiera puntua, hala ere, berdina izango da guztientzat, burujabetasun zelaitik aterako baitira bakoitzari dagokion orduan. Hurrengoa izango da ordutegia:
- LH 1. maila: 12:05ean.
- LH 2. maila: 11:50ean.
- LH 3 eta 4. mailak:11:30ean.
- LH 5 eta 6. mailak: 11:00etan.
- DBH 1, 2,3 eta 4. mailak eta nagusiak: 12:15ean.
Domekako III. ziklokros egunean parte hartu gura duten horiek zabalik dute jada izena emateko epea; nagusiek Bermeoko Araneko kiroldegian egin beharko dute, ikasleek, berriz, ikastetxeetan. Jakinarazi dutenez, lasterketaren egunean ezin izango da izenik eman. Prezioari dagokionez, LH 1etik LH 6ra bitarteko ikasleek euro bakarra ordaindu beharko dute, hortik gorakoek, aldiz, bi euro.
Derrigorrezkoa kaskoa eroatea
Izena ematerako orduan parte hartzaile bakoitzari eskumuturreko bat emango diote eta hori lasterketa egunean eroan beharko dute. Ikastetxeetan banatuko diete ikasleei eta nagusiek Araneko kiroldegian hartu beharko dute.
Bestalde, parte hartzaile guztiek derrigorrezkoa izango dute kaskoa eroatea. Amaitzerakoan parte hartzaile guztientzako edariak izango direla azaldu dute. Gainera, gura duenak lasterketa amaitu ostean Areneko kiroldegian dutxatzeko aukera ere izango du.
Kirol Patronatutik adierazi legez, probaren helburua “herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea eta osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea” da. Era berean, herritarrei kirol ezberdinak hurbiltzeko modua ere badela diote.