Rafael Iriondo gernikarra. Argazkia: Athletic Club
San Mames futbol zelaiaren oroitzapena Bizkaian zehar zabaltzeko programaren barruan egingo diote omenaldia Athletic-eko futbolari izandako Rafa Iriondori. Hain justu, Baleuko ekoiztetxearekin lankidetzan egindako
Mende bat eta 90 minutu dokumentala ari dira proiektatzen azken asteetan hainbat herritan, eta gaur da Gernika-Lumoko hitzordua. Aldundiak azaldu duenez, “Athleticek bere historia luzean izan duen aurrealderik ospetsuena osatu zuten lagunen artetik (Iriondo, Venancio, Zarra, Panizo eta Gainza) bizirik dagoen kide bakarra da Iriondo (95 urte dauzka), eta hark eta haren biloba Celiak paper berezia jokatzen dute
Mende bat eta 90 urte dokumentalean“. Lana Iriondoren sorterrian proiektatuko dutela aprobetxatuta, beraz, “omenaldi berezi bat” eskaini nahi diote jokalariari.
Lizeo Antzokian izango da ekitaldia, 19:30ean, eta sarrera doakoa izango da. Iriondoz gain, “Athleticen historian ezinbesteko garrantzia izan duten beste bi gernikarrek parte hartuko dute: Maurik eta Ritxi Arrienek”. Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritzako foru diputatua eta Jose Maria Gorroño alkatea ere izango dira dokumentalaren proiekzioa orduko aurreikusi duten solasaldi laburrean.
Dokumentala
2012ko azaroan hasi zen filmatzen San Mames zaharraren historia laburbiltzen duen
Mende bat eta 90 minutu dokumentala, eta aurtengo ekainean amaitu dute, zelai zaharra suntsitzeko obren hasierarekin bat eginez. Unai Larrea kazetaria zuzendutako lanak Athletic Club taldearen estadio zaharraren historiaz hitz egiten du, zelaian gertatutakoak eraikinarekin batera desagertu eta oroitzapen soiletan gera ez daitezen.
Helburu hori lortze aldera, 60 pertsona baino gehiagoren “ahots, irudi eta oroitzapenak” bildu dituzte dokumentalean, eta, gainera, San Mamesen bertan grabatu zituzten irudi gehienak. Pertsona ezagun eta ezezagun horiei guztiei egindako elkarrizketak berreskuratutako artxiboko irudiekin tartekatu dituzte, “zorroztasun historikoa eta irudi dibertigarriak lotuz; eta baita garaipenak eta zoriontasuna, batetik, eta drama eta laztura, bestetik”.
Johan Cruyff, Iker Casillas, Xavi Hernandez, Vicente del Bosque, Jorge Valdano, Andoni Zubizarreta, Jose Angel Iribar, Rafa Iriondo, Txetxu Rojo, Joseba Etxeberria, Angel Maria Villar, Julen Guerrero, Josu Urrutia, Carmelo eta Andoni Cedrun, Javier Clemente, Luis Fernandez, Andoni Goikoetxea, Iñigo Lizeranzu, Peio Uralde, Jesus Mari Zamora, Carlos Gurpegi, Iñaki Saez, Jose Eulogio Garate, Joaquin Alonso, Rafa Guerrero, Nerea Onaindia, Susana Guerrero edo Juanlu (modu ofizialean San Mamesen azken gola sartu zuena) izan dira elkarrizketatuetako batzuk. Horiez gain, Jose Luis Bilbao, Iñaki Azkuna, Antonio Basagoiti, Jone Goirizelaia, Joaquin Almunia, Kepa Junkera, Kirmen Uribe, Anton Barrutia eta Eneko Atxa ere agertzen dira lanean.
DOKUMENTUA:
BERRIAk eta HITZAk 2006. urtean argitaratutako elkarrizketa
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
Rafael Iriondo gernikarra