Hezkuntza alorreko hainbat eragilek
LOMCE legearen kontrako manifestaziorako deia egin dute
urriaren 12rako, zapatua, Bilbon. 17:30ean hasiko da protesta ekitaldia Jesusen Bihotza plazatik.
LOMCE legea etzi onartuko dute Espainiako kongresuan, eta horren kontra egiteko deitu dute manifestazioa.
Eragile eta sindikatu ugarik bat egin dute protestagaz: Hik-Hasik, Ikastolen Elkarteak, EHIGEk, BIHEk, NIZEk, Sarean-ek, UEUk, ELAk, LABek, EILASek, Sortzen-Ikasbatuazek eta Ikasle Abertzaleek.
Aipatutako eragileek
LOMCE legeari «kontra egin» eta «hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko» egin dute Bilbora joateko deia, Wert Espainiako hezkuntza ministroak «inposatu» nahi duen LOMCE hezkuntza erreformaren «kontra» egitera: «Erreforma zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista da, eta lege hau bertan behera uzteko exijitzen dugu», adierazi dute deitzaileek. «Inola ere ez dugu onartzen Euskal Herrian inposa dezaten», azaldu dute. Gaineratu dutenez, LOMCEk «30 urteko atzerapausoa» suposatzen du, eta herria «trantsizioaren aurreko parametroetara» eroatea dakar. «Hezkuntza publiko eta herritarraren kontrako erasoa bortitza izateaz gain, hezkuntzaren ikuspegi neoliberal eta zentralistaren inposizio garbia da», diote. «Ikuspegi guztietatik Euskal Herriaren eta euskal herritarren kontrako eraso eta inposizio berri baten aurrean gaude», gaineratu dute.
Zapatuko mobilizazioaren bidez erreformarekiko «desadostasuna» agertu eta Euskal Herriko alderdi politikoei eta Nafarroa eta EAEko legebiltzar eta gobernuei eskaria luzatu nahi diete deitzaileek, LOMCE legea gure herriko ikastetxeetan «inola ere ez dezaten aplikatu» eta horretarako bitarteko guztiak erabil ditzatela eskatuz. «Hezkuntza eragileok gure konpromisoa berresten dugu, LOMCE-ri aurre egin eta gure herrian aplika ez dadin estrategia komunak lantzeko», gaineratu dute.
Busturialdeko ikastetxeek ere bat egin dute manifestazioarekin, eta dei egin diete ikasle, guraso, langile eta beste herritarrei Bilboko manifestazioan parte hartzera.
Ikastetxe batzuetan
informazio zabalkundea egin dute kartelen bidez, eta zenbaitetan, gurasoei eskuorriak bidaliz: Bermeoko Eleizalde ikastolan, eta Gernika-Lumoko Seber Altube ikastolan eta Allende Salazar ikastetxean. Horretaz gain, herri batzuetatik
autobusak ere jarri dituzte. Hurrengo lekuetan eman behar da izena:
Bermeon, Eleizalde ikastolan.
Gernika-Lumon, Seber Altube ikastolan.