Bikote bat Eibar-Nabarniz ibilbidean, artxiboko irudian
Hilaren 26rako hitzordua egin du Peña Athletic elkarteak, eta jakinarazi duenez, hilaren 22a izango da izena emateko azken eguna. Urtero legez, Eibar eta Nabarniz lotuko dituzte ibiltariek eta, besteak beste, Zengotitagane (826 metro), Oiz (1.029 metro), Astorkigana (235 metro) eta Kanpona (504 metro) zeharkatuko dituzte. Nabarnizera heldu orduko, Arrola (532 metro) izango dute igo beharreko azken tontorra.
608-022 257 telefono zenbakira deituta eman behar da izena, eta sei euro ordaindu beharko dira, Eibarrera joateko autobusa ordaintzeko. Dena den, betiko legez bazkaria ere antolatu dute egun bererako; beraz, bazkaltzen geratu nahi izanez gero, helduek 28 euro ordaindu behar izango dute menua, eta 8 euro umeek.
Mendi martxaren egunean, urriaren 26an, 06:00etan aterako da autobusa Nabarniztik Eibarrera bidean. Hara iritsitakoan, sei ordu inguruko txangoa izango dute mendizaleek.