Zapatuko euskal jaia
Jai Batzordeak antolatuta, bosgarren Euskal Jaia ospatu zuten gernikarren zapatuan. Bost urte, eta errotuz doan jaia dela esan du Jaietako zinegotzi Goizargi Etxeandiak. Eguraldia lagun, eguna oso ondo joan zela azaldu du: “Urterik urtera giroa gero eta hobea da. Errotuz eta sendotuz doan jaia da, eta herritar gehienek kontuan hartzen dute dagoeneko”. Txutxu gazte taldeak bota zuen txupina, eta kaleko giroan murgildu zen gero Txu bera ere. Elai-Alaiko dantzariak, Kantaguneko abeslariak, Orritz taldearen pertsonai milotogikoak, Segundo Olaeta Musika Eskolako trikitilariak, Burrunka taldearen musika eta dantzak… Herri kirolen erakustaldia ere egin zuten Nabarnizko gazteek. Giroa sortuz, eguerdi partean erdiguneko kaleak jendez bete ziren.
Hala, kantuan eta dantzan eman zituzten askok bazkalordura arteko orduak. Merkatu plazan egin zuten gero jaia han bazkaltzeko batu ziren 1200 lagunek. Txikienek, gainera, ederto pasatzeko aukera izan zuten plazan bertan ipini zituzten puzgarrietan. Triki Kupelakoen eskutik egin dute aurten herri bazkaria, eta emaitzarekin pozik dira udal arduradunak. “Hurrengo urtera begira kontuan hartuko ditugu barriro; eztabaidatu egin beharko dugu baina, apostu ona dela iruditu zait”, azaldu du Etxeandiak.
Euri apur bat egin zuen iluntze partean, baina ez zuen erromeriaren txanda zapuztu. Egan taldearen eskutik, kantuan eta dantzan aritu ziren adin guztietako herritarrak Pasealekuan.
-
-
Argazkia: Erlantz Ortiz
-
-
Argazkia: Erlantz Ortiz
-
-
Argazkia: Erlantz Ortiz
-
-
Argazkia: Erlantz Ortiz