Portugaleteri irabazita, hirugarren postura igo da Gernika Futbol Taldea
Gernika Futbol Taldeak ezin hobeto hasi du 2013-2014 denboraldia. Joan den sasoiko arazo ekonomikoak ahaztuta, bertoko taldea gora begira jarri da sailkapen orokorrean. Zazpi partida jokatuta, hirugarren postua da Gernika. Lehen lau sailkatuek, gainera, puntu kopuru berdina daukate. Zallak, Leioak, Gernikak eta Beasainek hamalauna puntu dauzkate, eta hurrengo bi sailkatuek hamahiruna puntu. Hortaz, oreka handia dago Hirugarren Mailako talde indartsuen artean.
Javi Luaces gernikarren entrenatzaileak jakinarazi duenez, “pozik” daude orain arte egindako lanagaz. Liga hasiera baino ez da, baina talde sendoa daukate, eta “konfiantza handiagaz” ari dira jokatzen.
Entrenatzaileak, baina, ez du play off-etaz berba egin gura. Zaleei ilusio bueltatzea da helburu nagusia, eta bidean daudela deritzo. Hala, play-off postuetaz berba egiteko, urtarrilera arte itxaron beharko dela azaldu du busturiarrak.
Bermeo txanponaren bestaldean
Txanponaren bestaldean dago Bermeo Futbol Taldea. Kostaldekoak sailkapenaren zuloan daude. Zazpi partida jokatuta, garaipena lortu barik jarraitzen dute. Bakarrik bi puntu eskuratu dituzte, azkenaurreko postuan jarriz. Bertokoek ez dute txarto jokatu, baina zortea falta izan zaie zenbait momentutan.
Joan den asteburuan ere, Pasaiatik esku hutsik bueltatu zen Bermeo. Hain zuzen, etxeko taldea 2-1 nagusitu zitzaion bertoko taldeari. Pasaia ere, behekaldean sartuta zebilen, baina arnasa hartzea lortu du asteburuko garaipenagaz.