ELKARRIZKETAREN AURRERAPENA. Ibon Meñika (Zamudio; 1977) Gernika-Lumoko bizilaguna atxilotu zuen Guardia Zibilak, Herrira mugimenduaren kontrako polizia operazioan. Jakinarazi duenez, “ETAko kide izatea, ETA diruz laguntzea, eta terrorismoa goratzea” leporatzen diete eguenean epailearen aurretik pasa ziren hemezortzi lagunei. Herrirako kideak jakinarazi duenez, akusazioek ez dute oinarririk. Izan ere, euskal presoen aldeko mugimenduaren jarduna publikoa dela nabarmendu du, ezkutatzeko ezer ere ez dutela gaineratuz.
Harritu egin zaituztete atxiloketek?
Hernanin negoen ni, Herriraren ohiko batzar batean, eta guardia zibilek eman zizkiguten lehen azalpenak. Oso harrituta geratu ginen, ez baikenuen ulertzen zer ari zen gertatzen. Herriraren jarduna publikoa da. Hala, ez daukagu zer ezkutatu. Gurea euskal jendarteak osatutako aldarrikapen mugimendu bat da, eta ez genuen horrelako erasorik espero.
Atxiloketek, hortaz, ez daukate oinarririk?
Auto judizialak zenbateko literatura daukan ez dakigu, baina gure jarduera publikoa, irekia eta parte hartzailea da. Orduan, zertarako ezkutatu behar gara? Akusazioek ez daukate oinarririk, konponbiderako pausoak ematea izan baita Herrira-ren delitu bakarra. Mugimenduak zilegitasuna dauka euskal presoen eskubideen aldarrikapena egiteko. Are gehiago, beharrizana dagoela deritzogu, gatazka politikoari amaiera emate aldera.
Konponbide garaian gaudela esan du Herrirak behin eta berriz. Non kokatzen duzue Espainiako gobernuaren erasoa?
Egoera nahiko kontrajarria da. Konponbidea marrazteko prozedura bat bizi izan dugu, eta atxiloketek eta erasoek kontrako bidean jartzen digute. Estatuak daukan jarrera ikusita, irakurketa nahiko etsigarria da, aurrerapausorik ez dugula ematen dirudi eta. Espainiak ez du konponbiderik nahi.
Nola baloratzen duzu euskal jendarteak atxiloketen aurrean eman duen erantzuna?
Eguen goizaldean heldu ginen Euskal Herrira. Hala, ostean jakin izan dugu bertan gertatutakoa. Egia esan, erantzuna ikaragarri ona izan da. Ezusteko handia izan da, estatuaren mezu etsigarriari aktibazioaren bitartez erantzun baitiote herritarrek. Ulertezina bilakatu den amorrua bideratzen jakin du euskal gizarteak. Gertatutako guztiaren mezu positiboa jendearen erantzuna izan da. Iragana atzean uzteko eta etorkizuna eraikitzeko gogotsu dago Euskal Herria, eta norabide berdinean jarraitu behar dugula deritzot. Egoerarik txarrenaren aurrean ere, herri honek balore oso positiboak azaleratzeko gaitasuna dauka.