Urriko Lehen Astelehen guztiak bezala, aurtengoa ere berezia izango da Gernika-Lumoko bizilagunentzat; urteroko hitzorduari hutsik egin barik, Pirenaika arrazako lehiaketa hartuko baitu egun horretan Santa Ana aparkalekuak. Aurtengoa 28. lehiaketa izango da, eta, guztira, 122 abelburu hartuko ditu; iaz baino 5 gehiago, hain justu. Ganadutegiak, ostera, bi gutxiago izango dira aurten: 25.
Ezkerretik eskuinera: Juan Luis Irazola Bizkaiko Pirenaika Aberazaleen Elkarteko presidentea, Iñaki Gorroño Gernika-Lumoko zinegotzia eta Koldo Bilbao Lehiaketako koordinatzailea
Beti ohi legez, Euskal Herri osoko ganadutegiak bilduko dira Gernika-Lumon. Hain zuzen, Koldo Bilbao lehiaketako koordinatzaileak jakinarazi duenez, hamalau ganadutegi izango dira Bizkaikoak, sei Nafarroakoak eta bost Gipuzkoakoak.
Abelburuek bederatzi mailatan banatuta parte hartuko dute: emeetan sei maila izango dira eta arretan, ostera, maila bi.
Aurreko urteetan legez, astelehenean ez ezik, domekan ere izango du azoka bisitatzeko aukera Santa Ana aparkalekura bertaratzen denak. Hain justu, domekan zabalduko dute azoka, 10:00etan. Abereen lehiaketa, berriz,11:00etan hasiko dute; hain zuzen, emeenagaz hasiko dira. Arrena, aldiz, arratsaldean izango da, 17:00etan. Beti bezala, Eusko Labeldun Pirenaika okela dastatzeko aukera egongo da egun osoan zehar.
Astelehenean, bestetik, abere onenen aukeraketa egingo dute 13:00etan, eta, ondoren, sari banaketa egingo dute. Hain justu, eme txapelduna, ar txapelduna, hazi-jartzearen eme txapelduna eta ganadutegirik onena sarituko dituzte.
Bestalde, ohiturari jarraiki, euskal produktuak dastatzeko eta erosteko aukera ere edukiko du bisitariak. Gernika-Lumoko zinegotzi Iñaki Gorroñok zehaztu duenez, sagardoa, txakolina, gazta… eskainiko dituzten 30 saltoki egongo dira Santa Ana aparkalekuan.
Epaile bi izango dira aurten ere, Urriko Lehen Asteleheneko azokan: Javier Iñigez eta Fermin Barazabal nafartarrak, alegia. Animaliak Pirenaika arrazaren estandarrak betetzea eta hanka sendoak izatea hartzen dituzte kontuan lehiaketa horretako epaileek.