Aske utzi dute Ibon Meñika Gernika-Lumoko bizilaguna
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
Gernika-Lumon egindako manifestazioetako bat
Gaur goizean hasi da Eloy Velasco epailea galdekatzen Herrira-ren aurkako polizia operazioan atxilotutako hamazortzi lagunak. 09:30ean ziren deklaratzen hastekoak, baina, azkenean, beranduago hasi dira. Atxilotutakoen senide eta lagunez gain, Amaiurreko diputatuak dira Auzitegi Nazionalaren aurrean. Goizean zehar galdekatutako guztiek ukatu egin dituzte euren aurkako akusazioak. Eneko Ibarguren, Imanol Karrera, Ekain Zubizarreta eta Oscar Sanchez aske uzteko eskatu du fiskalak. Epaileak atxilotuetako hamar libre uztea erabaki du, eta beste lauri espetxe zigorra ezarri die, baina 20.000 euroko bermea ordainduz gero ez dute kartzelara joan beharko. Ibon Meñika, Ane Zelaia, Gorka Gonzalez eta Jose Antonio Fernandez 17:30ean eroan dituzte epailearen aurrera. Gernika-Lumoko bizilaguna aske utzi dute, bermerik ordaindu behar izanik barik. Herrira-ren egoitzak bi urterako ixtea erabaki du, eta haren jarduera osoa debekatu.
Nagore Garciari, Jon Garairi, Manu Ugartemendiari eta Jexux Mari Aldunberriri jarri die hogeina mila euroko bermea, eta ordaindu artean Soto del Real espetxean sartu dituzte. Amaia Esnal, Eneko Ibarguren, Ekain Zubizarreta, Roberto Noval, Beñat Zarrabeitia, Oscar Sanchez, Fran Balda, Sergio Labaien, Imanol Karrera eta Eneko Villegas atera dira dagoeneko Auzitegi Nazionaletik. Libre atera direnei hainbat baldintza jarri dizkie epaileak: hamabostero joan beharko dute sinatzera, Espainiatik ezingo dute atera, pasaportea kendu die, eta presoekin zerikusia duten ekitaldietan ezingo dute parte hartu. Epaileak erabaki hori hartu aurretik Miguel Angel Carballo fiskalak hamarrentzat baldintzarik gabeko espetxe zigorra eskatu du.
Elkartasun keinuek darraite, bien bitartean. Astra Koordinadorak, adibidez, Herrira eta Ibon Meñika koordinadorako kide direla gogora ekarriz, gogora, bere “elkartasun osoa” adierazi die. Herrira-ren aurkako polizia operazioa salatu du, “eskubide zibil eta politikoen urraketa” bat direla iritzita: “Antolatzeko, biltzeko, adierazteko askatasuna urratzen ari dira; hau da, oinarrizko eskubide demokratikoak”.
Hori horrela, Gernika-Lumoko Merkurio inguratu ekimenean eta 20:00etako manifestazioan izango dela iragarri du koordinadorak, eta herritar orori zabaldu dio parte hartzeko gonbitea.
Biharko mobilizazioak
Egunotan hainbat izan dira han eta hemen egindako mobilizazioak, eta biharko ere badaude protestak antolatuta. Gernika-Lumon, adibidez, hamabi orduko elkarretaratzea egingo dute Merkurio iturriaren inguruan, 10:00etatik 22:00etara, eta hainbat jarduera aurreikusi dituzte. 20:00etan, gainera, manifestazioa egingo dute herritarrek.
Bermeon, bestetik, Herrira Gunea prestatuko dute bihar, Goiko plazan, 18:00etatik 23:00tara. 18:00etan umeentzako tailerrak egongo dira gunean bertan, 19:00etan kalejira egingo dute txistulariekin, eta 20:00etan ekitaldia. Ondoren Frantzeska eta Ganbaratik-en kontzertua egongo da. Horrez guztiaz gain, arratsaldean zehar bideo emanaldiak, janari palestinarra, edariak… izango dira Bermeoko Herrira Gunean.
Euskal gehiengo sindikalak, bestetik, eguerdian kalera ateratzeko deialdia egin die langileei eta gainontzeko herritarrei. Bermeon 12:00etatik 12:30era egingo dute sindikatuek protesta, udaletxearen aurrean. Gernika-Lumon ordu berean egingo dute bilkura, Merkurio iturrian, hamabi orduko bilkuragaz bat eginez.
Zapatuan, bestalde, nazio manifestazioa dago deituta. Bilboko La Casillatik abiatuko da, 17:30ean, eta urdinez jantzita joateko eskatu dute.
Sindikatuetako ordezkarien agerraldia, atzo
Eusko Legebiltzarrera ere ailegatu da euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko mugimenduaren aldeko aldarrikapena, EH Bilduko parlamentariak Herrira-ko logotipodun elastikoak eroan baitituzte soinean gaurko saiora.
Herrira-ko kideek, bestalde, agerraldia egin dute gaur goizean, Baionan. Bertan, asteleheneko polizia operazioa “Espainiaren ahuleziaren isla” dela esan dute presoen eta iheslarien aldeko mugimenduko kideek. “Euskal Herriko herri eta hiri guztietan mobilizazioak loratzeko Herrira-k duen gaitasunaz [Espainiak] beldur duela argi geratu da. Horregatik da erasoa hain bortitza eta zuzena izan”, esan dute.Hala, Espainiako estatuak gatazkaren konponketa oztopatu nahi duela argi geratu dela nabarmendu dute.
Ipar Euskal Herriko Herrira-ko militanteek lanean segitzeko gogoa berretsi dute, eta jendarteari zapatuan Bilboko hitzordura joateko deia luzatu diote.
Bermeoko manifestazioa
Etxerat elkarteko kideak ere hari beretik mintzatu dira: “Ez dute inoiz gure ahotsa isilaraziko”. Ibai Bilbao euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteko kideak esan duenez, normalizazioari, bizikidetzari eta bakeari dion “beldurra” erakutsi du Espainiako Gobernuak Herrira-ren aurka eginda. Erasoak eraso, Etxerat-ek “bake prozesuan aurrera egiteko” konpromisoari eutsiko diola adierazi du.
Etxerat elkartearen agerraldia
Halaber, Herrira-ko kideen lana goraipatu du Etxerat-eko kideak, “lan publiko eta zilegia” egiten dutela gogora ekarriz. Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren jarreragaz kritiko agertu da Bilbao, “erasoa justifikatu” dutelako “gure eskubideak defendatzea beraiei dagokienean”.
Euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteak “tantaz tanta” Herrira-ren lanarekin jarraitzeko deia egin du, zapatuko nazio manifestaziora joateko deia egiteaz gain. “Olatuz olatu, egunez egun, itsaso mugagabe sortu behar dugu. Etxean izan arte”.
Udalbiltzak, bere aldetik, adierazpen instituzional bat kaleratu du gaur bertan. Adierazi duenez, Herrira-ren aurkakoa “giza eskubideen aurkako operazioa” da, “hari eraso eginda, presoen giza eskubideei eraso” egin dietelako. Halaber, Euskal Herrian bakea behar dela nabarmendu du erakundeak, eta, dioenez, “bakea, besteak beste, euskal preso politikoak etxean direla” izango da.
Udalbiltzaren iritziz, “bake bide horren aurka egitea bake nahiaren kontra egitea da”. Euskal presoak Euskal Herriratzearena euskal jendartearen gehiengoaren nahia dela esanez, operazioa “euskal gizartearen gehiengoaren nahiaren aurkako operaziotzat ere jo” behar dela dio Udalbiltzak. Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera kritikatuz, burujabetzaren bideari eusteko deia egin du Udalbiltzak, “askatasunaren bidea baita”.
Hemezortzi atxilotuak berehala aske uzteko eskatzeaz gain, bestetik, Herrira-ren lana eta haren ordezkariak “aitortzen” jaraituko duela adierazi du Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak, eta, horrenbestez, Udalbiltzakideei manifestaziora joan daitezen dei egin die. Halaber, Mertxe Aizpurua presidentea buru dela, Udalbiltzako Nazio Gobernuko ordezkaritza bat Bilbon izango dela iragarri du.
Nazioartetik ere hainbat elkartasun atxikimendu jaso ditu Herrira-k; besteak beste, Portugaldik, Italiatik, Argentinatik, Turkiatik, Suitzatik eta Nikaraguatik (zerrenda osoa).
DOKUMENTUAK:Gernika-Lumoko Herriraren irakurketaEuskal gehiengo sindikalaren eskuorriaGernika-Lumoko EH Bilduren oharraAstra Koordinadoraren prentsa oharraGernika-Lumoko biharko mobilizazioak iragartzeko kartelaUdalbiltzaren adierazpen instituzionalaHerrira-k nazioartetik jasotako atxikimenduak
Manifestazioa, Gernika-Lumon
Manifestazioa, Gernika-Lumon
Bartzelonan egindako protesta
Gernika-Lumoko gaurko manifestazioa
Bilboko agerraldia
Bilboko agerraldia
Bilboko agerraldia
Bilboko agerraldia
Bermeoko manifestazioa
Gernika-Lumoko manifestazioa
Bilboko agerraldia
Bilboko agerraldia
Bilboko agerraldia
Gernika-Lumoko manifestazioa
Gipuzkoako EH Bilduko legebiltzarkideak, gaur goizean, Herrira-ren aldeko elastikoekin
Sabino Cuadra, Espainiako Kongresuan
Bilboko agerraldia
Bilboko agerraldia
Gernika-Lumoko manifestazioa
Sindikatuetako ordezkarien agerraldia, atzo
Sindikatuetako ordezkarien agerraldia, atzo
Iparragirreren eskultura Herrira-ren zapiagaz, Gernika-Lumon. Argazkilaria: Joseba Bringas
Agirre lehendakariaren eskultura Herrira-ren zapiagaz, Gernika-Lumon. Argazkilaria: Joseba Bringas
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.