Ander Arana eta Arkaitz Kobeaga iazko rallyaren momentu baten
Hilaren 11n eta 12an Gernika-Lumoko Rallya lehiatuko dute bikote parte hartzaileek, eta Gernika Racing taldea buru belarri ari da bertoko proba prestatzen. Jakinarazi dutenez, boluntario bila ari dira, bertoko herritarrek rallya antolatzen lagundu dezaten. Izan ere, 200 lagun inguru behar dituzte automobilismo taldeko kideek, segurtasuna bermatzeko.
Hibai Bilbaok azaldu duenez, 40 postutik gora jarriko dituzte bidegurutze eta errepide zati arriskutsuetan. Hala, 150 lagun inguru behar dituzte ibilbidean zehar dauden postu desberdinetan jartzeko. Interesatuek
taldearen webgunean jakinarazi behar dute rallyan laguntzeko prest daudela. Gura dutenek probaren egunean be eman dezakete izena, antolakuntzagaz harremanetan jarriz. Hala ere, aldez aurretik antolakuntza jakinaren gainean jartzea gomendatu dute.
Aurten 20 urte beteko ditu Gernika-Lumoko Rallyak, eta, dagoeneko 25 bikote inguruk eman dute izena. Bilbaok azaldu duenez, baina, kopuru hori bikoiztea espero dute. Hala, urtero legez, rallya arrakastatsua izango dela deritzo.
Aurreko urteeran 70 bikote inguru batu dituzte Gernika Racingekoek, baina aurten zenbateko hori baxuagoa izatea aurreikusten dute. “2013ko denboraldiko zenbait probatan parte hartzea asko bajatu da, eta beste batzutan, berriz, aurreikuspenak gainditu dituzte”. Antolatzaileen ustez, krisia izan daiteke rallyetako parte hartzea bajatzearen arrazoietako bat.