Manifestazioa, Gernika-Lumon
Herrira-ren aurkako polizia operazioan atxilotuetako bederatzi bart gauean galdekatu zituen Guardia Zibilak, eta gaur, beste bederatziak, Ibon Meñika, tarteko. Denek egin diote uko deklaratzeari, eta bihar igaroko dira Auzitegi Nazionaletik.
Auzitegi Nazionalera eramaten dituztenean, epaileak erabaki beharko du zer neurri ezartzen dion atxilotu bakoitzari; edo baldintzarik gabe espetxera bidaliko dituen, edo, bestela, aske uztekotan, zein baldintzatan utziko dituen aske.
Bestalde, euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko mugimenduaren kontrako “eraso poliziala salatzeko eta euskal presoen eskubideen eta konponbidearen alde”, langileei kalera ateratzeko deia egin die euskal gehiengo sindikalak. Bermeoko, Markina-Xemeingo eta Lekeitioko udaletxeen aurrean eta Ondarroako Alamedan eta Gernika-Lumoko Merkurio iturrian elkarretaratzeak egingo dituzte sindikatuek, 12:00etatik 12:30era. Horrez gain, atsedenaldietan edo errelebo aldaketetan enpresen aurrean protestak egitera deitu dituzte langile guztiak.
Era berean, herrietan antolatzen diren protestetan parte har dezaten dei egin die langile eta herritarrei, “eta, noski, zapatuan Bilbon izango den manifestazioan tanta bat gehiago izatera gonbidetzen dugu langilegoa eta herritar guztiak”.
Bartzelonan egindako protesta
Atzoko eta herenegungo mobilizazioez gain, Bermeon gaur eta bihar ere asanbleak egingo dituzte, 20:00etan, Taraskan. Barikuan Herrira Gunea zabaldu nahi dute herrian, hainbat jarduerarekin: irratsaioak, musika, umeentzako tailerrak… Hori guztia antolatzeko elkartuko dira egunotan.
Gernika-Lumon hamabi orduko elkarretaratzea egingo dute barikuan, Merkurio iturriaren inguruan. Iluntzean, aldiz, manifestazioa egingo dute, leku horretatik bertatik 20:00etan abiatuta. “10:00etatik 22:00etara Gernika-Lumoko talde eta pertsonek Merkurio inguratuko dugu euskal presoen eskubideen alde, konponbidearen alde”, esan dute.
Lokarri Akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak, bestalde,
Herrira-ren aurkako operazioaren harira, sinadura bilketa abiarazi du. operazioa abiarazi du. Izan ere, beren iritziz, “operazio horrek gainditutzat jotzen genuen ilegalizazio eta bazterkeria iragan batera itzularazten du euskal gizartea”. Herrira “presoen giza eskubideak defendatzen dituen erakunde bat” dela dio, eta bere “jarduera guztiz legitimoa eta demokratikoa” dela deritzo.
Gauzak horrela, Mariano Rajoy Espainiako presidenteari, Fernández Díaz ministroari eta Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco magistratuari mezu bat helaraziko dietela jakinarazi dute. Hala, besteak beste, honako eskaerak egingo dizkiete: “Atxilotutako pertsona guztiak aske uztea; Herrirak bere jarduera berriz ere inolako jazarpenik edo mehatxurik gabe garatu ahal izatea; Espainiako Gobernuak euskal gizartearekiko duen erantzukizuna onartu eta bere gain hartzea, iraganeko estrategiak alde batera utziz eta bakeari eta elkarbizitzari lagunduz; eta, lehen pauso bezala, presoak beren jaioterrira gerturatzea eskatzen duen euskal gizartearen gehiengoaren borondatea entzun eta errespetatzea”.
Gutun hori bere izenean ere sinatuta egon daitela nahi duenak bere izen-abizenak eta posta elektroniko bat zehaztu beharko ditu Lokarriren webgunean (
www.lokarri.org).
Euskal gehiengo sindikalak kaleratutako eskuorria
Gernika-Lumoko Herriraren irakurketa
Gernika-Lumoko EH Bilduren oharra