"Eskubide eta askatasunen defentsan", Bilbo bete gura dute datorren zapatuan
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
Gernika-Lumoko manifestazioa
Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindutako Herrira euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko mugimenduaren aurkako polizia operazioan hemezortzi pertsona atxilotu zituen atzo Guardia Zibilak, tartean Ibon Meñika Gernika-Lumoko bizilaguna. Inkomunikaziorik ez diete ezarri, eta Tres Cantos komisaldegian dituzte. Gaur hasiko da Guardia zibila atxilotutako batzuei deklarazioa hartzen (Nagore Garciari, Manuel Ugartemendiari, Gorka Gonzalezi, Ane Celayari, Francisco Baldari, Jon Garayri, Sergio Labayeni, Imanol Carrerari eta Eneko Villegasi), 21:00etan, eta bertan izateko aukera izango dute abokatuek. Atxilotutako besteei, berriz, bihar hartuko die deklarazioa. Hala ere, edozein momentutan pasatuko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascoren aurretik. Legez, 72 orduko epea dute horretarako; beraz, eguen goiza dute horretarako azken eguna.
Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean bilduta, agerraldi jendetsua izan da gaur goizean. Besteak beste, ezker abertzaleko kide Joseba Permach, Tasio Erkizia eta Periko Solabarria, eta EH Bilduko legebiltzarkide Pello Urizar, Oskar Matute eta Rebeka Ubera ere izan dira bertan. Haiek eta han batutako eragile politiko, sozial eta sindikalek manifestazio nazionalean parte hartzera deitu dituzte herritarrak, zapaturako. Hain zuzen, Bilboko La Casillatik abiatuko da protesta, 17:30ean.
Herrira-ren jarduera “publikoa” dela nabarmendu dute eta giza eskubideen defentsa duela helburu gaineratu dute. Agerraldian elkartutako eragileek “normaltasunez” dituztela harremanak mugimenduarekin azaldu dute, eta horri eutsiko diotela gaineratu dute: “Hainbeste militante eta arduradun atxilotu izanak nahigabea eta haserrea eragiten digu. Horregatik, edozer baino lehenago, atxilotuekiko eta hauen senideekiko elkartasuna adierazi nahi dugu. Halaber, ez dugu ezkutatu nahi beldur garela azken orduotan egoitza polizialean jaso dezaketen tratua medio”.
Polizia operazioak “eskubide eta askatasun demokratikorik funtsezkoenak” urratzen dituela salatu dute, eta operazioaren atzean “erabaki politikoa” dagoela deritzote: “Guretzat begi-bistakoa da bidegabekeria honek helburu politiko bat, edo hainbat, duela. Lehena, ageri-agerikoa, euskal preso politikoen eskubideen defentsa kriminalizatzea. Noiz, eta argitaratzekotan denean espainiar estatuak presoekiko ezarri duen zigorren luzapen krudelari buruzko epaia. Kriminalizazioa medio espainiar gobernuak aldez aurretik zuritu nahi du bere jokabidea, giza-eskubideen auzitegi europarrari kargu hartuko bailioke estatu-arrazoiaren aurkako epai bat emanez gero”.
Halaber, “makrosumario eta ilegalizazioek markatu duten aroa sine die” luzatu nahi izatea egotzi diote Espainiari: “Gure herriko esparru zabal baten lan politikoa eragoztea da xedea, hark irtenbideen aldeko jarrera izanagatik, ataka antirrepresiboan kateatuta gera dadin eta bere garapena galarazte aldera”. Atzoko sarekadarekin PPk eta Espainiako Gobernuak dituen arazoak ezkutatzeko nahia ere antzeman dute.
Operazioaren aurrean erantzun “zabal eta irmoa” bultzatzeko beharra nabarmendu dute; horregatik, zapatuko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute. “Gure helburua da Espainiako Estatuari helaraztea euskal jendarteak bidegabekeria hauekiko duen sentipena, eta gure elkartasuna adieraztea atxilotuekin, berehala libre utz ditzatela exijituz”, esan dute. Hala, Herrirak egiten duen gisan, “tantaz tanta, guztion eskubide eta askatasunen defentsan elkar ulertzeko ahaleginez” lan egingo dutela aitortu dute.
Gernika-Lumoko gaurko manifestazioa
Gernika-Lumoko EH Bilduk kezka adierazi, eta atxilotuei «tratu zuzena» emateko exijitu du. Halaber, Espainiako estatuak «jauzi kualitatibo bat» eman duela adierazi du, eta presoen eskubideak errespetatzeko eskaria «Euskal Herriko ehunka eragile eta herriaren gehiengo zabalaren exijentzia ozena» dela nabarmendu du. Hori dela eta, «bakea, demokrazia eta elkarbizitza eraikitzen lagunduko duen jarrera hartzeko exijitu» dio Espainiari.
Euskal gehiengo sindikalak, bestalde, agerraldia egingo du bihar 11:00etan, LAB sindikatuaren Bilboko egoitzan. Hala, operazioaren inguruan eta bere helburuen inguruan beren iritzia ezagutaraziko dituzte sindikatuek; era berean, “bidegabekeria horren aurka” eremu sindikaletik datozen egunetarako antolatu dituzten mobilizazioak iragarriko dituzte. Bertan izango dira, besteak beste, Txiki Muñoz eta Ainhoa Etxaide, ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiak. Bestalde, bihar gizarte eragileen agerraldi masiboa izango da Donostiako bulebarrean, 11:30ean, barikurako deialdiak egiteko.
Sarekada salatzeko, mobilizazioak izan ziren atzo eta gaur Gernika-Lumon eta Bermeon, eta ehunka lagun bildu dira batean zein bestean. Espainiako estatuko hainbat tokitan ere egingo dute Herrira-ren alde, mobilizazioen bitartez: Bartzelonan, Madrilen, Mallorcan…
Gipuzkoako EH Bilduko legebiltzarkideak, gaur goizean, Herrira-ren aldeko elastikoekin
Amalur Mendizabal Amaiurreko senataria eta EH Bilduko ordezkariak, bestetik, Eusko Legebiltzarrean batu dira, 11:30ean, agerraldia egiteko. Izan ere, Ertzaintza protestan ari ziren herritarrei oldartu zitzaien, Hernanin, borraz eta gomazko pilotez, eta Amaiurreko senataria buruan zauritu zuten.
EH Bilduk Ertzaintzaren “desarme errepresiborako urratsak” eman ditzala exijitu dio gaur EAJri; izan ere, polizia horrek atzo eman zuen irudia “deitoragarria eta eskandalagarria” izan zela uste du. Era berean, Amalur Mendizabal Amaiurreko senatariaren kontrako erasoa salatu du EH Bilduk, eta, Julen Arzuagak iragarri duenez, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren agerraldia eskatuko du koalizioak, “Legebiltzarrean azal ditzan zer nolako diziplinazko neurriak hartuko dituen Hernanin kargatzeko agindua eman zuen ertzainburuaren aurka eta Amaiurreko senatariari eraso egin zion agentearen aurka”. ELA-Ertzaintzak «gertatutakoa argitzeko eta erantzukizunak bila» ditzala exijitu dio Segurtasun Sailari.
EH Bilduko legebiltzarkideak Urkullu lehendakariari ekidistantziak albo batera uzteko eskatu dio, “ekidistantziak ez duelako balio, edo bakearen alde kokatzen da edo bakearen kontra dagoen Gobernu espainolarekin batera”.
Arzuagak, gainera, presoen eskubideen alde aritzea “bidezkoa” dela nabarmendu du; “bidegabea dena jardun politiko-sozial hori kriminalizatzea da”. Alegia, “atzokoa bezalako operazio batean protesta baketsua egitea” dela bidezkoa azaldu du, eta, ez zilegia, ostera, “atzo ikusi zen okupazio militarra eta karga polizialak”.
Erreakzioak bata bestearen atzetik datoz. Gaur goizean, adibidez, Gipuzkoako EH Bilduko batzarkideak Herrira-ren aldeko elastikoekin agertu dira Batzar Nagusietako osoko bilkurara. Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak elkartasuna adieraziz eta herria eraikitzeko deia eginez ekin dio politika orokorreko saioari. Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak Herrira-ren kartel bat erakutsi du Espainiako Kongresuan.
Sabino Cuadra, Espainiako Kongresuan
Basque Friendship taldea osatzen duten europarlamentariek atzoko sarekada eskubide demokratikoen aurkako erasotzat jo dute, eta giza eskubideak zein biltzeko eta adierazteko eskubideak urratu dituztela salatu dute.
“Zentzurik gabeko atxiloketak”, EGIren ustez
Euzko Gaztedi-EGI ere Herrira-ko kideen atxiloketen inguruan aritu da. “Zentzurik gabeko atxiloketak” direla adierazi du; alegia, “euskarri juridiko ahul bat duten atxiloketak”. Era berean gertaera “bereziki larriak” direla uste du, “dinamika negatibo batean sartzeko arriskua sortzen dutelako”. “Ez dugu atzera bueltatzerik nahi, ez dugu sufrimendu gehiago nahi Herri zigortu honentzat; bakea eta elkarbizitza ditugu helburu”, azaldu dute.
Oinarri juridikorik gabeko atxiloketak “iraganeko praktika ustelak” direla helarazi nahi dio EGIk Espainiako Gobernuari, “ETAko presoei ezartzen zaien espetxe politika ustela den bezalaxe, eskubideak urratzen zaizkielako”. “ETAko askatzaileei” aipamen eginez, erantzukizuna ezin dakiokeela beti beste inori leporatu uste du EGIk. “Ezin dira Madrilera edo Parisera begira egon. Urte luzeetan ahaztuta izan duten Euskal Herriaren ahotsa entzun behar dute. Bakea gu guztioi zor digute, euskal emakume eta gizonoi. Urrats gehiago eman beharko dituzte egoera desblokeatzeko, zuzeneko erantzule eta errudun izan diren heinean, eta, ezker abertzaleak bide hori berori erraztu behar du”.
“Oinarrizko giza eskubideen erasoa”
Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak, bere aldetik, uste du “Herrira-ren aurka egin duten erasoa oinarrizko giza eskubideen aurkako erasoa” dela; “Herrira-ren jarduera eremu horretan kokatu baita sortu zenetik honaino, euskal presoen giza eskubideen defentsan”. Herrira-ren aurkako operazio horrekin, “Espainiako Gobernuak elkartzeko eskubidea urratzeaz gain, bake bideari burdinezko ataka bat jarri nahi izan” diola dio Aizpuruak. Hori dela eta, aipatu operazioak “larritasun berezia” sortarazten duela deritzo.
Zapatukomanifestazio nazionalaren deitzaileak
Gaur gaurkoz, 34 eragile politiko, sindikal eta sozial dira Herrira-ren aldeko zapatuko martxa deitzen dutenak:
Alternatiba, Aralar, Askapena, Bai Euskal Herriari, Behatokia, Bilgune Feminista, CGT, Egiari Zor Fundazioa, EHNE, ELA, Eleak mugimendua, Elkartzen, EPPK bitartekaritza, Erabaki, Ernai, ESAIT, ESK, Eskubideak, Etxerat, Euskal Herrian Euskaraz, Eusko Alkartasuna, Ezker Batua, GITE-IPES, Gorripide, Hiru, Ikasle Abertzaleak, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Komite Internazionalistak, LAB, Sare antifaxista, Sortu, EILAS, Taupaka sortzaileon elkartea eta Torturaren Aurkako Taldea.
Gernika-Lumoko EH Bilduren oharra
Gipuzkoako EH Bilduko legebiltzarkideak, gaur goizean, Herrira-ren aldeko elastikoekin
Gernika-Lumoko manifestazioa
Gernika-Lumoko manifestazioa
Bilboko agerraldia
Bilboko agerraldia
Bilboko agerraldia
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.