Klase bereziak hartzen ari dira egunotan Bermeoko ikastetxeetako zenbait ikasle. Ikastetxea ordu batzuetarako utzita, Nestor Basterretxea aretoan lehenengo eta Artza frontoian geroaro, euskal pilotaren historia ezagutzeko aukera izaten ari dira. Azalpenak entzun, bideo bat ikusi, pilota egiten eta takoak jartzen ikasi, eta azkenik, praktikak egiten dituzte. Programaren helburua, pilota «bere osotasunean» gizarteratzea da.
Ikasleak zestari buruzko azalpenak entzuten
Artza frontoiaren mendeurrenaren harira, Nestor Basterretxea aretoan ipini duten
euskal pilota herriz herri erakusketaren bitartez, gainbegiratu arin bat ematen diote pilotaren historiari. Gehienek ez dakite orain dela zazpi mende Euskal Herrian gehien jokatzen zen kirola zela, ezta gutxiago ere, zelai irekietan jokatzen zutela, horma barik. Izan ere, 1.700 urte inguruan hasi ziren jokorako horma bakarra erabiltzen, eta 1.870 urte aldera, barriz, frontoiak. Erakusketaren bitartez, gainera, pilotaren modalitate ezberdinak ezagutzeko aukera dute ikasleek: zesta, laxoa, pala, eskupilota… erakusketan entzundako azalpenak, ondoren, irudietan ikusteko aukera dute bideo baten bitartez.
Euskal pilotaren historia menperatuta dutela, Artza frontoira mugituta, tailerrak egiten dituzte. Lehenik eta behin, pilotak egiten dituzte. Pazientzia handiarekin batzuek, eta gutxiagorekin besteek, monitoreen argibideak jarraitzen dituzte horiek egiteko. Baita pilotariek eskuetan takoak zelan jartzen dituzten ikasteko eta probatzeko aukera ere eskaintzen die. Goiza, bestalde, pilotaren modalitate ezberdinetako praktikak egiten amaitzen dute. Horretarako ikasleek eurek egindako pilotak erabiltzen dituzte.
Zenbait ikasle pilotak egiten
Lehen Hezkuntzako (LH) 5 eta 6. mailako ikasleak ari dira parte hartzen programa horretan. Guztira, 17 taldek parte hartuko dute.
Gaurtik aurrera erakusketak zabalik
Herritarrek ere gaurtik aurrera aukera izango dute Artza frontoiaren mendeurrenaren harira antolatu diren erakusketak bisitatzeko. Nestor Basterretxea aretoan urriaren 22ra arte izango da ikusgai euskal pilota herriz herri erakusketa.
Bestalde, gaur, 19:30ean inaugurutuko dute Artza frontoian bertan ipini duten argazki zaharren erakusketa. Frontoiaren eta herriko pilotari ezagunen 60 argazki inguru jarriko dituzte horretan eta hilaren 13ra arte izango da ikusgai.