Goizeon aurkeztu dute mendeurrena ospatzeko egitaraua
Bermeoko historiaren lekuko bizia da Artza frontoia. Kokapen estrategikoa du, portuan dago eta Lamera parkearen ondoan. Aurten, 100 urte bete ditu.
1913ko ekainaren 29an, San Pedro egun batean, inauguratu zenetik etengabe martxan izan den frontoi bat da. Mendeurrena ospatzeko
kirol eta kultura egitarau berezia prestatu dute Artza Pilota Elkarteak eta Bermeoko Udalak, eta goizen egin dute berorren aurkezpena.
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak gogorarazi duenez, Artza frontoia pilotaka jolasteko baino askoz ere gauza gehiagorako erabili izan da. Esaterako, 50. hamarkadan itsasontzi bi egiteko erabili zuten, ontziola modura; gerra ostean biltegi modura ere erabili zuten itsasoan aurkitutako kautxua, kortxoa edo koipea gordetzeko; olatu-horma egiteko blokeak ere bertan izan zuten gordeleku eta 1983ko uholdeetan kanpotik ekarritako janarien biltegi modura ere erabili zuten.
Artza frontoiari esker,
pilota eskola bat sortzea lortu dela gogorarazi du Bidegurenek, hori Bermeorentzat “garrantzitsua” dela aipatuta: “gure herrian pilota bultzatzea lortu duelako”. Egun, 6 urtetik gorako 60 ume inguru daude pilota eskolan.
Hortaz, Artza frontoiak Bermeon izan duen garrantzia nabarmendu dute goizeon. Horregatik, mendeurrena ospatzeko egitarau berezia prestatu dute. 100 urteak ekainean bete bazituen ere, kofradia zaharrean egiten ari diren lanengatik mendeurrena urrian ospatzea erabaki dute.
Pilota gizarteratu gura dute
Irailaren 30etik urriaren 22ra bitartean,
Euskal pilota herriz herri kirol eta kultur programa garatuko da Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan. Programa horren helburu nagusia pilota gizarteratzea dela azaldu dute Artza Pilota Elkartekoek. Hala, euskal pilotaren erakusketa batekin, modu grafikoan, euskal pilotaren historia eta modalitate ezbardinak erakutsiko ditu erakusketak. Domeketan ez ezik, egunero bisitatu ahalko da
erakusketa 19:00etatik 21:00etara.
Programa hori, baina, ikastetxeei zuzendutakoa ere bada; izan ere, umeei egokitutako tailerrak eta pilota jokoak landuko dituzte. Modu horretan, LH 5 eta 6. mailako ikasleen 17 taldek hartuko dute programan.
Bestalde,
urriaren 1etik 13ra, Artza frontoian bertan,
frontoiaren eta herriko pilotarien argazki zaharren erakusketa ipiniko dute.
19:30eatik 21:00etara zabalik izango da egunero. Herritarrek utzitako argazkiei esker, 60 argazki inguru izango dira ikusgai, baita
bereziki mendeurrenerako egindako bideo bat ere. Horretan, pilotari ohiek gaztetako oroimenak azaltzen dituzte, garai hartako giroa, pasadizoak…
Urriaren 4an, bestalde,
19:30ean, Nestor Basterretxea aretoan, hitzaldi bat egongo da. Iñigo Gallaga Bizkaiko Pilota Federakuntzako kidea izango da hizlaria eta
Euskal pilotaren historiaz mintzatuko da.
Urriak 5, Frontoia gozatu! eguna
Egun horretan, herritarrak frontoira erakarri gura dituzte.
11:00etan emango diote hasiera egunari. Ordu horretan,
Uribe Kosta txapelketaren baitako hiru partida jokatuko dituzte. Artza eskupilota eskolako umetxoak Berangokoen aurka ariko dira. Jarraian,
nagusi eta gazteen arteko desafio bitxiak jokatuko dituzte. Horietan edozein herritarrek parte har dezakela aipatu dute, betiere, aurretiaz izena emanda. Egun horretan baita,
herriko pilotari beteranoen artean pilota goxoarekin pilota partida labur bat jokatuko da.
Arratsaldean,
17:30ean, pala txapelketa jokatuko da 4 t’erdiko modalitatean bakarka eta gomazko pilotarekin. Parte hartu gura duten horiek
aurretiaz izena eman beharko dute. Partida horien t
arteetan, Bakioko neskek pala erakustaldia eskainiko dute.
Urriak 12, Pelota eguna
Mendeurreneko ospakizunak
urriaren 12an amaituko dira, zapatuan.
11:00etatik 13:00etara,
pilota tailerrak eta jokoak izango dira frontoian, horietan umeek zein nagusiek parte har dezaketela azaldu dute.
12:00etan, Iñigo Gallagak Nestor Basterretxea aretoko
Euskal pilota herriz herri erakusketatik bisita gidatua egingo du.
13:00etan, Artza eskupilotakoek
taldego argazkia egingo dute, eta ondoren, txistulariekin lagunduta
kalejira egingo dute Portuzarraraino. Ordu erdi beranduago,
Frantxuako kaian, oso leku gutxitan mantentzen den
Laxoa jokoaren erakustaldi bat egingo dute Baztanetik etorritako pilotariek.
Mendeurreneko programa
herri bazkari batekin amaituko dute, 15:00etan, frontoian. Bazkariak
25 euro balio duela azaldu dute eta txartelak Enara, Moderno eta Oker tabernetan, Artza frontoian eta Laspiur okindegian eros daitezke urriaren 8a baino lehen. Bertsolariak eta trikitilariak be izango dira, eta herriko pilotari ohiei omenaldi txiki bat ere egingo diete.
Bermeoko alkateak zein Artza Pilota Elkarteko kideek herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte, “pilotaren mundua, frontoia eta Bermeoko historiaren parte bat ezagutzeko aukera paregabea dago eta”.