Aisialdiko begirale izateko ikastaroa emango dute Gernika-Lumon
Gernika-Lumoko Udaleko Gazteria sailak umeen eta gazteen aisialdi begirale izateko ikastaro bat antolatu du Urtxintxa Eskolaren laguntzagaz. Ikastaroa 17 urtetik gorako gazte gernikarrei zuzenduta dago. Ikastaroa burutuz gero, parte hartzaileek titulu ofiziala jasoko dute. Bilakaera psikologikoa, soziologia, sexualitatea eta talde dinamika landuko dituzte parte hartzaileek, besteak beste.
Interesatuek hilaren 30a arte izango dute izena emateko. Hain zuzen, Gazte Informazio Bulegoan eman behar da izena, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:00etara. 94.627.02.15 telefono zenbakira deituz, bestalde, argibide gehiago jasotzeko aukera izango dute interesa dutenek. Izena ematen dutenek 310 euro ordaindu behar dituzte apuntatzerakoan. Gehienez 20 lagunek parte hartu dezakete ikastaroan.
Ikastaroak 320 orduko iraupena dauka; 200 teoria ordu eta 120 praktika ordu. Klase guztiak euskaraz emango dituzte, kultur etxean. Antolatzaileek azaldu dutenez, urrian hasiko dira klaseak, eta 2014ko maiatzean amaituko dira.