Parte hartzaileetako bi
Gernika-Lumoko Goi-Zale mendi taldeak antolatuta, Urdaibaiko V. Iraupen Martxak zeharkatu zituen joan den zapatuan Busturialdeko bazterrak. 300 pertsonak eman zezaketen izena, baina parte hartzea zenbateko horretatik urrun samar gelditu zen, 123 mendizale abiatu baitziren 07:00etan Pasealekuan jarritako irteera lerrotik. Zenbaitek martxa amaitzerik izan ez zutela eta, 106 lagun zenbatu zituen Goi-Zalek helmugan.
Kortezubi, Gautegiz Arteaga, Atxarreko San Pedro, Ogoño, Ibarrangelu, Muruetagane, Ereñozar, Omako basoa, Arrola, Kanpone, Astorkigana, Zarrabenta eta Ajangiz zeharkatu zituzten ibiltariek 62 kilometroko martxan. Azkarrena 14:30ean iritsi zen Pasealekura, eta 20:30ean azkena. Dena den, parte hartzaileen «gehiengoa 18:30etik 19:30era arteko tartean heldu zen».
Eskualdeko mendizaleak izan ziren parte hartzaileen gehiengoa, baina Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait herritatik ere etorri ziren ibiltariak; baita Errioxatik ere. Mendi taldeak azaldu duenez, parte hartzaileek gustuko izan zuten ibilbidea, «baina gogorra iruditu» zitzaiela izan zen askoren ahotan.
Laguntzaile guztiei eskerrak eman dizkie Goi-Zalek.