![pnga_erakutsi.pl](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2013/09/pnga_erakutsi.pl_12-300x199.jpeg)
Batzar Nagusiak Gernika-Lumoko Juntetxean batu direla baliatuta, LAB sindikatuak Bizkaiko eraikuntza sektoreko hitzarmena errespeta dadin eskatu du, eraikinaren aurrealdean protesta eginez. Alberto Cristobal industriako federazioko interbentzio arduradunak jakinarazi duenez, “krisiaren aitzakipean” eraikuntza sektoreko beharginen eskubideak murriztu dituzte enpresek zein erakunde publikoek.
“Eraikuntza krisiak jota eta egoera larrian dago, baina arazo guztiak ezin dizkiogu krisiari leporatu”. LABeko kidearen ustez, krisi ekonomikoak sortzen dituen arazoak bezain larriak dira hitzarmena ez betetzeak dakartzanak.
Bestalde, lan ituna ez errespetatzeak prekaritatea areagotuko duela ere salatu du Cristobalek. “Jada sektore prekario bat izan arren, egoerak okerrera egitea ahalbidetzen ari dira enpresariak eta politikariak”. Hala, lehia bidegabea nagusitzen da enpresen artean eta lan eskubideak bigarren mailara pasatzen dira, enpresarien “diru-nahia” asetuz.
Jada sektore prekario bat izan arren, egoerak okerrera egitea ahalbidetzen ari dira enpresariak eta politikariak”
Cristobalen berbetan, lurraldeko “hitzarmenaren gainetik” pasatzea “ohiko jarduera” bihurtu dute azkenaldian. LABeko ordezkariak nabarmendu duenez, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak ere ez du errespetatzen lurraldeko ituna. “Erakunde publikoek herri lanak kontratatzerakoan arduraz jokatu beharko lukete, baina ez da horrela gertatzen”. Hala, aldundia ere erruduna dela deritzo LABek, langileen eskubideak urratu direnean beste alde batera begiratu baitu.
Borondatea falta dela deritzo sindikatu abertzaleak. Izan ere, Bizkaiko Aldundiak Foru Arau bat kaleratzeko eskumena dauka, Gipuzkoako Aldundiak egin zuen bezala. Gipuzkoaren kasuan, lurraldeko hitzarmena errespetatzera behartuta daude obra publikoetan parte hartzen duten enpresa guztiak. Bizkaian, baina, aldundiak neurririk ez duela hartu salatu du Cristobalek. Hala, arau bat prestatzea eskatu du lurraldeko hitzarmena babeste aldera.
Gastuak murriztuz etekin gehiago ateratzen dituzte enpresariek; onuradun bakarrak dira”.
Hitzarmena ez betetzearen onuradun bakarrak enpresariak dira, LABek dioenez. “Gastuak murriztuz etekin gehiago ateratzen dituzte”. Galtzaile bakarrak, bestalde, eraikuntza sektoreko beharginak dira sindikatuaren hitzetan. “Hitzarmena errespetatu ezean, seguratsun neurriak ez dira betetzen eta lan-ordu gehiago sartu behar dituzte beharginek”.
Momentuz, aldundia ez da harremanetan jarri sindikatuko kideekin. Cristobalek jakinarazi duenez, “zerbait eztabaidatzeko aukera izango genuke elkarregaz bilduz gero, baina, momentuz, Bizkaiko Foru Aldundiak ez du borondaterik agertu”. Hala, borrokan jarraituko dutela nabarmendu dute, eraikuntza sektoreko langileak defendatuz. “Bide luzea eta estua izango da, baina borrokarako prest gaude”, ohartarazi du Cristobalek.
Alfus eta Incoesa enpresetako beharginen protesta
![pnga_erakutsi-2.pl](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2013/09/pnga_erakutsi-2.pl_4-300x199.jpeg)
Alfus FCC eta Incoesa enpresetako hainbat behargin ere Juntetxearen aurrean batu dira protesta egiteko. Arratiako bi enpresetako langileak egoera oso larrian daude, eta aldundiaren inplikazioa eskatu dute. “Ekainaren 24ko osoko bilkuran, Batzar Nagusiek bi enpresa horietako beharginen egoera aztertzeko konpromisoa hartu zuten, baina, momentuz ez dute ezer egin”, langileek jakinarazi dutenez.
Alfusen kasuan, langileek 200 egun inguru daramatzate greba mugagabean. Hango beharginek azaldu dutenez, “enpresak uko egin dio hitzarmen kolektibo bat adostera, eta joan den apirilean hamasei behargin kaleratu zituen”. Joan den uztailean, baina, hamasei kaleratze horietatik hamabi bidezkoak ez zirela erabaki zuen lan arloko epaitegiak.
Bestalde, enpresak lan baldintzak kaxkartu dituela salatu dute. “Soldata %25 bajatu digute, ordutegi aldaketak egin dituzte, opor egunen erregimena aldatu dute, lan orduak gehitu dituzte…” .
![pnga_erakutsi-1.pl](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2013/09/pnga_erakutsi-1.pl_7-300x199.jpeg)
Incoesaren kasuan, bestalde, Extremadurara eta Soriara lekualdatu gura dute enpresa. Hala, Aldundiari neurriak hartzea eskatu diote langileek. “Deslokalizazioaren kontrako Foru Arauaren bitartez, langileen egoera hobetu daiteke, baina Foru Aldundiak ez du borondaterik agertu”.
Aldundiagaz adostasun batera heldu ezean, beharginek protesta egiten jarraituko dute, lan eskubideak errespeta daitezen.