Gernika-Lumoko Juntetxea
Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak Bizkaiko Aldundiaren balantzea egingo du, agintaldi erdia bete denean. Halaber, diputazioak abian jarri gura dituen “proiektu berritzaile batzuen berri” ere emango du. Besteak beste, egoera ekonomikoaz, hitzarmen-politikaz, jarduera ekonomikoaren sorreraz eta Aldundiaren lehentasunez ariko da gaur goizean Gernika-Lumoko Juntetxean.
Aldundiak zehaztu duenez, “gaur egun krisian dagoen egoera politikoa eta ekonomikoa aztertuko du, eta gogoeta egingo du Bizkaiko zerga-bilketaz, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren hurrengo bileraz, estatuarekiko eta EAEko gainerako administrazioekiko finantza-harremanaz… Izan ere, horiek datu garrantzitsuak dira, eta aukera emango digute 2014ko ekitaldiko aurrekontuaren lerroetako batzuen berri emateko; horrez gain, tunelaren amaieran argitxo batzuk bistaratzeko”. Bestetik, Batzar Nagusiek aztertu, eztabaidatu eta, ondoren, onartu behar dituzten foru arauen proiektuen ezaugarri nagusiak jakinaraziko ditu; besteak, beste, zerga nagusien erreformei buruzkoak.
Ahaldun Nagusiaren agerraldia orduko, Ana Madariaga Batzar Nagusietako presidenteak hitz batzuk esango ditu Anton Aurre EAJko kide historiko eta Batzar Nagusietako presidente ohiaren omenez. Halaber, batzarkideek minutu bateko isilunea gordeko dute.
Bestalde, LABeko eraikuntza sektorean dauden arazoak salatuko ditu juntetxe aurrean, elkarretaratze baten bidez. 09:15ean batuko dira sindikatuko kideak.