Agirre Bermibuseko bi txartelekin
Juan Karlos Agirre Bermeoko Udaleko Zerbitzuetako zinegotziaren esanetan, sistema horren bitartez ordainketa prozesua “erraztuko” da eta “erosoagoa” izango da bai erabiltzaileentzat eta baita gidariarentzat ere. Gainera, bidaia txartel bidez ordainduta merkeagoa izango dela gogorarazi du, 0,70 euro ordaindu beharko direlarik. Txartel barik, aldiz, bidaiak 90 zentimo balioko du. Jubilatuek eta langabetuek hobariak izango dituzte, hau da, 50 zentimo ordainduko dituzte, beti ere, txartel bidez ordainduta.
Jubilatuen kasuan, hobaridun tarifa izateko, Berh@z bulegoan egin beharko dute txartela Gizarte Segurantzak emandako jubilatu txartela aurkeztuta. Langabetuek, bestalde, Lanbidek emandako langabetua izatearen ziurtagiria aurkeztu beharko dute Berh@z bulegoan ere. Bertan emango dieten agiriarekin, barriz, Bermibusen egin beharko dute txartela.
Erabiltzaile arruntek Bermibusean eskatu beharko dute txartela eta bi euro ordaindu beharko dira. Diru-kargak ere Bermibusean bertan egin ahalko direla zehaztu du zerbitzuetako zinegotziak; 5, 10 edo 20 eurokoak izan daitezke.
Txartel bidezko sistema hori urriaren 1etik aurrera martxan ipiniko bada ere, jadanik eska daitezke txartelak Bermibusean. Hala, erabiltzaile guztiei txartela erabiltzeko gomendioa egin die “batetik, bidaiak merkeagoak izango direlako, eta bestetik, erosoagoa izango delako”.