Bi hilabetetan ezingo da baseliza bisitatu
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Saila bidea konpontzeko lanak egiten ari da, eta neurri hori hartu du segurtasuna bermatzeko. Lan horiek, hain zuzen ere, penintsula eta lehorra batzen diren gunean egiten ari direla jakinarazi dute. Izan ere, gune horretan egon diren lurjausiak txarrera egitea saihestu gura dute. Era berean, Foru Aldunditik adierazi legez, lehengo baselizarako sarbidea berreskuratuko dute.
Lanok egiten dituzten bitartean, hortaz, Gaztelugatxeko San Juanerako bidea itxita egongo da ibilgailuentzat zein oinezkoentzat. Segurtasuna bermatu aldera, aldundiak “arretaz jokatzeko eta seinaleak errespetatzeko” eskaera egiten die bertaratzen direnei.
Bi hilabetetan amaituta izatea aurreikusten dutela jakinarazi dute eta horiek egiteko ia 200.000 euroko inbertsioa egingo dute.