Anton Aurre
Ajangizen jaio zen Aurre, 1937an, eta bihar zen 86 urte betetzekoa. Agerre baserrian sortua, merkataritza-nabigazioko kapitaina izan zen. Hamasei urtean, 1976etik 1995era batzarkide izan zen Batzar Nagusietan, eta horietako hamabitan izan zen Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente (1983tik 1995era). Urte hartan bertan izendatu zuten Sabino Arana Fundazioko presidente; 1999an, ordea, buruko infartu bat izan zuen, eta fundazioko ohorezko presidente izendatu zuten.
Euskaltzale amorratua, euskalki guztiak menperatzen zituen, baina batez ere bizkaieraz jarduten zuen. Euskaraz gain,dena den, gaztelera, ingelesa eta frantsesa zekizkien.
Ajangizko semearen heriotzaren berri izatean, haren ibilbidea goretsi dute jeltzaleek. Iñigo Urkullu lehendakariak, adibidez, albiste txartzat jo du galera. «Ez agurrik, ez adiorik, Anton. Goian bego» hitzekin izan du gogoan Urkulluk. Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, bere aldetik, Aurre «alderdikide bikaina» izan dela esan du, «euskaldun eta abertzale benetan eredugarria», eta, haren hitzetan, «bizia euskararen eta euskal nortasun nazionalaren alde» eman du.
Sabino Arana Fundazioko presidente Juan Maria Atutxak, bestalde, «kapitain handia» izan dela esan du, «itsasoan nahiz lehorrean». Hari horretatik, «fundazioarentzat nahiz sendi nazionalistarentzat galera handia» da Aurreren heriotza, Atutxaren esanetan.
Sabino Arana Fundazioak argitaratutako bere azken kolaborazioan, bestalde, eraikuntza nazionalaren prozesuaren bultzada euskal nortasunaren garapenetik baino ezin daitekeela etorri esan zuen Aurrek, nortasun horren ezinbesteko erreferente herri bezala daukagun memoria kolektiboaren garapena dela nabarmenduz.
Batzar Nagusietako egungo presidente Ana Madariagak Ajangizko semearen omenezko berba batzuk izango ditu gaurko saioan. Halaber, minutu bateko isilunea gordeko dute batzarkideek.