Orein bat Salburuan
Oreinen ugaltze aldia irailean hasten dela eta, Euskal Herriko hainbat lekutan entzun daitezke egunotan animalien orroak, eta toki horietako bat da Salburuako (Gasteiz) hezegunea. Atariarekin elkarlanean, Arabako gune horretara irteera antolatu du Euskadiko Biodibertsitate Zentroak, espezie horren kantu basatiak zertan datzan ezagutarazteko.
Hilaren 27an izango da irteera, 20:00etan, Salburuako Hezeguneen Interpretazio Zentrotik, Atariatik; eta toki berean bukatuko da, 22:00etan. Tarte horretan, Arkauteko urmaelera bisita gidatua egingo dute parte hartzaileek, eta bertan oreinei buruzko informazio zientifikoa jasoko dute, era ludiko batean.
Busturiko Madariaga Dorretxeak zehaztu duenez, 14 urtetik gorakoek parte har dezakete, eta prezioa 20 eurokoa da, pertsonako.
Informazio gehiago eskuratzeko nahiz izena emateko 94-687 04 02 telefono zenbakira dei daiteke, edota
info@torremadariaga.org helbide elektronikora mezu bat bidali.