Muruetako ontziola
Espainiako Gobernuko Hazienda Ministerioak igorri dio jada Europako Batasunari (EB) inbertitzaileek itzuli behar duten ontziolen diru laguntzen inguruko informazioa, hain zuzen ere, 126 milioi euro. Modu horretan, EBk badaki zenbat diru itzuli behar den eta nork itzuli beharko duen. Hau da, 2007. urtetik 2011. urtera
tax lease laguntzen bidez zein salmenta operazio egin ziren badakite.
Hazienda Ministeriotik, baina, zenbateko hori behin behinekoa dela azaldu dute. Izan ere, xehetasunez aztertu beharko da operazio jakinek zer laguntza izan zituzten. Edonola ere, momentuz ez da ezaguna 126 milioi horietatik zenbat diren Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziolek egindako operazioei dagozkienak.
Atzo arratsaldean batzartu ziren Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburua eta Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroa. Tapiaren arabera, Soriak ez zion eman itzuli beharreko diruaren eta operazio jakinen gaineko informaziorik, baina bai ordea, informazio hori guztia Europako erakundeetan zegoela. MInistroa eta sailburua barriro batzartuko dira “informazioa zabaltzeko”. Tapiak sektoreak eta inbertitzaileek “konfiantza” behar dutela esan zuen atzo, “atzean utzi gertatutakoa eta sistema barriarekin lanean hasi”.