Nazioarteko sei domina Espainiako selekzioagaz daramatzan hamabi urteetan: urrezko hiru, zilarrezko bi eta brontzezko bat. Mario Lopez gernikarra pertsonaia garrantzitsua da emakumezkoen saskibaloiaren munduan, baina harrotasun barik egiten du berba. «Etxeko armairu batean» gordetzen ditu Europako txapelketan lortutako bost dominak eta iaz irabazitako munduko txapelketako domina. «Alabak erabiltzen ditu jostatzeko», dio, barre artean.
Mario Lopez saskibaloi entrenatzaile gernikarra
Europako txapelketa hiru aldiz irabazi du, eta munduko txapeldunorde izan da gernikarra. «Pribilejiatu» sentitzen da, gustuko duena eginez arrakasta handia lortu baitu. Dioenez, «oso zaila» da horrelako palmares bat izatea, eta, horrenbestez, «zortedun» sentitzen da.
Gernika Bizkaiako entrenatzailearen berbetan, «domina guztiak izan dira bereziak», eta, beraz, «oso zaila» iruditzen zaio guztien artean bat aukeratzea. Munduko txapelketan lortutakoa, esaterako, «oso ederra» izan zela dio, baina irabazitako lehen domina eta aurten lortutako azkena ere gogoan dauzka. «Munduko Txapelketa bat jokatzea ederragoa da, lurralde guztietako parte hartzaileak baitaude, baina Europako Txapelketak ere badauka bere xarma».
Gernikarrak hamabi urte daramatza Espainiako selekzioko azpiko mailetan entrenatzen. Federazioaren deia jasotzea «ohore bat» dela dio. Azaldu duenez, selekzioko talde guztiak kontuan hartuz gero, hamar bat entrenatzaile baino ez daude, eta horietako bat izatea ederra dela deritzo.
«Lanerako gogoz» azaldu da, gainera. Espainiako selekzioagaz jarraitzeko asmoa dauka, federazioko arduradunek hala nahi izanez gero. «Noizbait albo batera utziko naute, baina nazioarteko saskibaloiaz gozatzen jarraitu gura dut ordura arte».
Selekzioa entrenatuz asko ikasi duela nabarmendu du: «Goi mailako jokalariak eta jokoa ikusteko aukera izan dut, eta entrenatzaile bezala oso baliagarria izan da». Saskibaloian jokatzeko modu desberdinak hurbiletik ikusteko aukera izatea «oso aberasgarria» izan dela deritzo. «Ibiliz ikasten da oinez, eta esperientzia horiek entrenatzaile bezala hazteko balio izan didate».
Urteekin saskibaloian jokatzeko era aldatu egin da, eta, Lopez ere ez da aldaketatik kanpo geratu. Jokatzeko era aldatzen joan den heinean, entrenatzeko modua ere aldatu da. Hala, «entrenatzaileak etengabe ari dira informazio berria pilatzen eta ikasten».
Goi mailako jokalariak eta jokoa hurbiletik ikustea oso aberasgarria izan da”
Batez ere, bi izan dira aldaketa nagusiak azken urteetan. Alde batetik, jokalariek askatasun gehiago dute erabakiak hartzerakoan, sistema taktiko zurrunen kaltetan. «Aldaketa hau jokalarien kalitate teknikoak gora egin duelako eman da». Bestetik, selekzioek gero eta arreta gehiago jartzen dute defentsako jokoan.
Azpiko mailetan «pozik»
Gernika-Lumoko saskibaloi entrenatzaileak emakumezkoen beheko mailetako selekzioekin irabazi ditu domina guztiak, baina ez dago horretarako arrazoi zehatz bat. «Federazioak zenbait entrenatzaile dauzka, eta bakoitza leku batera bialtzen du». Hala, formakuntza mailetako, 15 urtez azpiko, 16 urtez azpiko, 17 urtez azpiko eta 18 urtez azpiko jokalariak entrenatu ditu dagoeneko. Emakumezkoen lehen taldea entrenatzeko, bestalde, ezinbestean bete beharreko baldintza bat dago: «Derrigorrez izan behar zara Lehen Mailako entrenatzailea, eta, nire kasuan, ez da baldintza hori betetzen».
Gernikarra, hala ere, pozik sentitzen da etorkizuneko izarrak entrenatuz, gazteekin lan egitea «oso aberasgarria» delako. «Nire ustez, noizean behin entrenatzaile guztiak bueltatu beharko lirateke azpiko mailetako taldeetara».
Lopezen berbetan, entrenatzaile baten «poztasun handiena» bere jokalari bat goi mailara heldu dela ikustea da. «Saririk handiena» da, eta ez luke ezergatik aldatuko. «Arrakastaren zati bat zurea dela senti dezakezu kasu horietan». Atsekaberik handiena, bestalde, jokalariek saskibaloiaz gozatzeari uzten diotenean hartzen dute entrenatzaileek. «Zerbait txarto egin duzula adierazten du horrek».
Gernika-Lumon, gustura
Nazioarteko sei domina izan arren, Lopezek bizi guztia egin du Gernika-Lumoko saskibaloi taldean. «Duela zenbait urte kanpora irtetzeko eskaintzaren bat izan nuen, baina berton jarraitzea erabaki nuen». Gernika KESBen oso gustura dagoela dio, eta, horrenbestez, «eskaintza ikaragarri ona» jaso beharko luke bertotik alde egiteko.
Gernika-Lumokoaren izena emakumezkoen saskibaloiagaz lotzen da beti. «Mutilak entrenatzen hasi nintzen, baina nesken nagusien taldea hartu nuen ondoren». Gernika-Lumon «maila handiagoa dago nesken artean», eta oso gustura sentitzen da emakumezko taldeak entrenatuz. «Nesken saskibaloiak asko erakartzen nau, baina ez diot uko egiten gizonezkoen talde bat entrenatzeari». EBA edo LEB 2 mailan entrenatzeko aukera on bat izanez gero, ez luke luzaroan pentsatuko.
Maite Etxeandia gernikarra ere urrezko bi dominaren jabe
Maite Etxeandia
Ez da Mario Lopez bezain ezaguna, baina Maite Etxeandia gernikarrak ere urrezko bi domina irabazi ditu dagoeneko nazioarteko txapelketetan. Hain zuzen, Europako bi txapelketa irabazi ditu Espainiako 16 urtez azpikoen selekzioagaz.
Gernikarra selekzioko laguntzaile taldeko kidea da Evaristo Perez entrenatzaileak gidatzen duen proiektuan. Perez emakumezkoen Espainiako talde nagusiko entrenatzaile izan zen, eta Olimpiar Jokoetan domina bat irabazi zuen.
Maite Etxeandiak jakinarazi duenez, pozarren dago nazioarteko saskibaloiaz gozatzeko aukera izan duelako azken bi urteetan. Gainera, Europako txapelketetan irabazitako dominak egindako lanaren ordain-sariak izan direla deritzo.
Aurten bigarren domina irabazi du, eta, lehenengoa bezala, oso berezia izan dela dio. Bien artean bat aukeratu behar izanez gero, ezingo lukeela esan du.
Etxeandiak hemezortzi urtez jokatu zuen Gernika KESBen, baina azken urteetan aulkitik jarraitu ditu bertoko taldearen partidak. Izan ere, Mario Lopezen delegatua da Emakumezkoen Bigarren Mailako taldean.