Jabi Amorrorturen omenezko martxa egingo dute zapatuan Gernika-Lumon
Aurreko urteetan egin bezala, Bizikletaren astea ospatuko dute aurten ere Gernika-Lumon, eta, horretarako, martxa zikloturista bi antolatu dituzte astebururako. Aixerrotape Txirrindularitza Taldeak antolatuta, Jabi Amorrorturen omenezko martxa egingo dute zapatuan; eta domekan, barriz, Kirol Patronatuak antolatutako martxan parte hartuko dute herritarrek.
LAB sindikatuko Eraikuntza eta Kimika sektoreko arduradun nazionala zen Amorrortu, eta, horregaz batera, Aixerrotape Taldeko presidente eta txirrindularia ere bazen. Amorrortu ekainaren 29an zendu zen, Lumoko San Pedro jaietako bizikleta martxan. Hori dela eta, aurtengo martxa «berezia» izango dela aitortu dute Aixerrotapekoek.
Gernika-Lumoko bizilagun horren omenezko martxan parte hartzen dutenek 106 kilometro izango dituzte egiteke, behin Merkurio iturritik aterata. 09:00etan hasiko dute martxa, baina horren aurretik minutu bateko isilunea egingo dutela azaldu dute txirrindularitza taldekoek.
Aurretiaz inskripzioa egina ez duten horiek egunean bertan emon ahalko dute izena Merkurion, 08:00etatik 09:00etara. Martxan zehar, bestalde, anoa postu bi aurkituko ditu parte hartzaileak; bata 55.kilometroan (Ondarroan) eta bestea martxa amaieran.
Martxa bukatuta, 13:45 aldera, omenaldia egingo diote Amorrorturi, haren senide eta bertaratutakoek; berbaldi labur baten ostean, aurreskua egingo diotela aurreratu du Aixerrotape Txirrindularitza Taldeak.
Domekako martxa, bestalde, Gernika-Lumoko Udal Kirol Patronatuak antolatu du; horien arabera, «umeekin eta familian egiteko moduko martxa izango da, 15 kilometrokoa». Ibilbide hori egiteko ere Merkuriotik aterako dira domekan, 11:00etan.