San Martineko eraikina
San Martineko Babes Ofizialeko 38 etxebizitzen harira, Beruala sozietate publikoarekin liskarretan den Ibarretas XXI enpresako arduradunak deklaratu du gaur, Gernika-Lumoko epaitegian. Berualako abokatu Jose Luis Soldevillaren arabera, «deklarazio luze batean, epaileari azaldu dio Iñigo Imatz orduko Hirigintza zinegotziaren deia jaso zuela 2009ako azaroaren 3an sinatutako akordioan hitzartutakoa betearazten ez saiatzeko esanez, horrek izan zitezkeen ondoriengatik». Akordio horretan, San Martineko 2 eta 3 partzeletako teilatu-hegalen kotak berdinak izan behar zirela esaten zuen klausula betetzera konprometitu zen Beruala.
Soldevillaren ustez, gaurko frogek aditzera ematen dute «eraikinaren lanekin jarraitzeko agindua ematen zutenek eta epailearen autoa ez betetzea erabakitzen zutenek Xabier Legarreta Bermeoko alkate ohia eta Iñigo Imatz zirela». Berualako abokatuak azaldu legez, 2009ko azaroaren 3an Ibarretas XXI-k, Berualak eta Construcciones Ganekok sinatutako hitzarmenari buruzko azalpenak eman dizkio epaileari enpresako arduradunak. Horretan, Construcciones Ganekok Ibarretasen eraikinean sortutako kalteak konpontzeko baldintzak onartu zituzten alderdi guztiek. Beruala, hortaz, teilatu-hegalen kotak berdinak izan behar zirela esaten zuen klausula betetzera konprometitu zen.
Berualako abokatuaren hitzetan, «Ibarretas enpresako arduradunak epaileari esandakoaren arabera, obrara hurbildu zen 2010eko otsailean eta akordioa betetzen ez zebiltzatela esan zien. Haren esanetan, Ganeko enpresako aparejadoreak esan zion, beraiek aginduak betetzen ari zirela. Beranduago, Iñigo Imatz orduko Hirigintza zinegotziaren dei bat jaso zuela aipatu du, mehatxuak eginez. Ez zutela sinatutako akordio judiziala onartzen, eta ez saiatzeko hori betearazten izan zitezkeen ondorioengatik. Ibarretaseko ordezkariak mehatxu modura hartu zuen Imatzek esandakoa, eta epaileari adierazi dio mehatxu horiek bete egin direla beste mota batzuetako obretan. Xabier Legarreta alkate ohiarekin ere hitz egin zuela esan dio epaileari eta horrek ere aldarte bardinean jarraitzen zuela, hau da, epailearen autoa ez zihoazela betetzera»
Barriro deklaratzeko eskaera
Ibarretas enpresako ordezkariaren deklarazioak baieztatzen badira, Soldevillak Legarretak eta Imatzek barriro deklaratu dezaten eskatuko dio epaileari. «Justizia administrazioaren aurkako ustezko delitu bat egotzi diezaiekete. Hala, mehatxuak baieztatzen badira eta udaltzainek Juan Karlos Goienetxea Hirigintza zinegotziak joan den astean epaileari esandakoa baieztatzen badute, delituzko ekintza berri baten aurrean egongo ginatekela uste dut».
Bestalde, epaileak astelehenean hartuko die deklarazioa, agindu judizial batengatik lanak gelditzera joan ziren udaltzainei, eta baita udaleko arkitektoari. Arkitektoarena deklarazio “garrantzitsua” dela dio Soldevillak: “gertatzen ari denaren gakoa berak izan dezake. Berak zehaztu dezake nork ematen zituen proiektuak era batera edo bestera egiteko, eta egiten zenak arauak betetzen zituen”.
Joan den astean Xabier Legarreta Bermeoko alkate ohiaki, Iñigo Imatz orduko Hirigintza zinegotziak eta Josu Azaola Berualako kudeatzaile ohiak deklaratu zuten. Xabier Legarretaren abokatu Adolfo Saenzen arabera, joan den asteko saioan “argi” geratu zen San Martineko Babes Ofizialeko 38 etxebizitzen eraikina egiteko lizentzia bazegoela. “Are gehiago, emandako lizentziak udalaren bulego teknikoaren txostenak errespetatzen dituela”. Ustezko delitu sozietarioari dagokionez, defentsaren abokatuak esan du ez dagoela Berualaren hondamen teknikoa frogatzen duen kontabilitate-txostenik.