![pnga_erakutsi.pl](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2013/09/pnga_erakutsi.pl_10-300x214.jpeg)
Motor zaleek primeran pasatzeko aukera izango dute Domekan. Gernika Off Road taldeak antolatuta, Ereñoko enduro lasterketa jokatuko dute euskal gidariek. Proba euskal koparako puntuagarria da, eta, horrenbestez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gidari hoberenak ikusteko aukera izango dute zaleek.
Guztira, 80 bat parte hartzaile batuko dituzte euskal kopako proba puntuagarrietan. Lehenengo gidaria 10:00etan irtengo da Arita Berri ingurutik, eta 15:30ean sari banaketa egingo dute antolatzaileek. Bertoko gidari bat ere izango da Ereñon. Hain zuzen, Txomin Aranak (Ereño) nagusien mailako lasterketan parte hartuko du.
Parte hartzaileek hiru buelta eman beharko dizkiote 25 kilometroko ibilbideari. Horrez gain, bestalde, Arita Berri inguruan erlojupeko labur bat egingo dute gidariek. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “moto gidarien abileziagaz gozatzeko aukera izango dute erlojupeko saiora doazenek”. Diotenez, bertaratzen direnek ez dute ordaindu behar gidariak ikusteko.
Afizionatuen lasterketa
Euskal koparako proba puntuagarriaz gain, gidari hasiberriek afizionatu mailako lasterketa bat lehiatzeko aukera izango dute Ereñon. Ekimen horren helburua, “moto zaleen artean enduroaren mundua ezagutaraztea da”.