Hainbat urtetan itxita egon ondoren, Eskolondo Herriko Etxea zabalduko du Eako Udalak, eta, hartara, bertako espazio ezberdinak martxan jarriko ditu: liburutegia-KZ gunea, gimnasia, bilera gela, ludoteka eta frontoia, hain zuzen ere. Zapatuan izango du herritarrak horiek bisitatzeko aukera; izan ere, eraikinaren irekiera ekitaldia ospatuko dute, 13:00etan hasita.
Zapatuan, beraz, espazio guztiak ikusteaz gain, zalantzak argitzeko aukera ere izango dute bertaratzen diren herritarrek. Halaber,
Eskolondoko espazio guztien funtzionamendu eta ordutegiak ere azalduko dituzte arduradunek.
Dena den, udalak jakinarazi duenez, «frontoia ezin izango da erabili lurraren egoera txukundu arte»; gainontzeko espazioak, baina, herritarren eskura izango dira.
Liburutegia, esaterako, martitzenetik barikura izango da zabalik 17:30etik 20:30era; txartel bidez ere erabili ahalko da liburutegia, astelehenetik domekara 20:30etik 21:00etara. Gimnasioak ere txartel bidezko ordutegia izango du: astelehenetik domekara 08:30etik 21:00etara. Bilera gela erabili ahal izateko eskaria, ostera, teknikariari egin beharko zaio –martitzenetik eguenera 17:30etik 20:30era egongo da liburutegian–. Ludoteka, azkenik, gurasoek kudeatuko dute eta giltza teknikariari liburutegian edo tabernan eskatu beharko diote.