Ubitarte kaleak lanak bukatutakoan edukiko duen itxura
Irisgarritasuna hobetzea eta oinezkoen segurtasuna areagotzea daukate helburu obrek, eta, horretarako, espaloi biak handituko ditu udalak, 2,5 metroko zabalera izateraino. Gainera, hormigoizko lauza ez-labaingarri gris-beltzak ipiniko ditu, gaur egun daudenen ordez. Halaber, galtzada ere berrituko du, eta aldeetako batean aparkalekuak egingo ditu.
70 metroko luzera eta 10 metroko zabalera dauka Ubitarte kaleak. Udalak aurreikusten duenez, bi hilabete iraungo dute lanek; hortaz, azaroan amaituko direla espero du. Udalak dioenez, “lehenago Juan Calzada, Miguel de Unamuno eta Alondegia kaleetan egindako lanen ildo berekoak dira obrak; haietan ere espaloiak zabaldu genituelako, oinezkoei lehentasuna ematearren”.