Ikasturte hasierarekin batera, Bermeoko Udaleko Euskara Sailak Berbalagun egitasmoa, gurasoentzako eta etorkinentzako euskara eskolak eta euskara ikasteko udalak ematen dituen diru laguntzak aurkeztu ditu goizeon. Ekimen horien helburua Maite Alvarez de Zarate euskara teknikariaren esanetan, “gure herrian euskararen erabilera bultzatzea da, guztiok euskaraz bizi ahal izateko”.
Euskaraz berba egin gura duen edozein pertsonak Berbalagun egitasmoan lekua duela gogorarazi dute. Izan ere, sortzen dituzten taldeen bitartez, “euskara erabiltzeko esparruak zabaltzen” dituzte. “Gogoa” baino ez dela behar azaldu dute. Horietan, gainera, euskara ikasten ari direnak parte har dezakete baina baita euskaraz ondo hitz egiten dutenek be, laguntzaile modura.
Aurten, Berbalagun egitasmoaren hamargarren urtea da. Urteekin parte hartzea handitzen doala azaldu dute. Iazko ikasturtean, esaterako, 15 talde sortu ziren, 60 lagun inguru. Berbalagunek antolatzen dituen gainontzeko ekintza osagarrietan, bestalde, ehundik gora lagunek parte hartu zuten. Aurtengo ikasturtean parte hartu gura duten horiek Bermeoko AEK edota Gotzon Garitaonaindia euskaltegietan, Hizkuntza Eskola Ofizialean edota Bermeoko Udaleko Euskara Saila eman dezakete izena. Aipatu ekimen guztietako parte hartzea doakoa dela gogorarazi dute.
Euskararen transmizioa indartu guran
Bestalde, beste behin ere, Euskara Sailak gurasoentzako eta etorkinentzako antolatutako ikastaroak aurkeztu ditu. Hizkuntza batean transmisioak duen garrantzia nabarmendu dute gaurko aurkezpenean, eta horretan gurasoek duten garrantzia aipatu dute: “gurasoek zenbat eta hobeto jakin euskaraz, seme-alabei transmitituko dioten hizkuntza aberatsagoa izango da”, azaldu dute.
Era berean, etxeko transmisioaz gain, aisialdikoa ere aipatu dute, hau da, etxetik kanpoko esparruetara euskara ateratzearen beharra. Guzti hori oinarri hartuta, gurasoentzako ikastaro mota bi egongo dira: bata, euskaraz ez dakitenentzat, eta bestea, berbetan jakin arren alfabetatu gura dutenentzat. Ikastaroek 120 orduko iraupena izango dute eta 20 euro ordaindu beharko dituzte.
Beste herrialde batzuetatik gurera bizitzera datozen askok ere euskaraz ikasi gura dutela eta, horientzako ere, ikastaroak antolatu dituzte, “berton bizitzeko euskara ikastea lagungarri dutelako”, azaldu dute. Ikastaro horretan egunerokotasuna lantzen dute batez ere: erosketak zelan egin, medikuarengana joateko hitzordua zelan eskatu… Jakinarazi dutenez, gero eta gehiago dira euskara ikastera hurbiltzen diren etorkinak, horregatik, herritarrei eskatzen die etorkin baten aurrean euskaraz egiteko, “askok badakite eta praktikatu gura dute”. Ikastaro hori urrian hasiko da eta 120 ordu izango ditu. Prezioa 10 eurokoa da.
Gurasoentzako zein etorkinentzako ikastaroetan parte hartu gura duten horiek dagoeneko zabalik dute izena emateko epea. Urriaren 15a baino lehen joan beharko dute Berh@z bulegora.
Euskaraz ikasteko laguntzak
Ikasturte honetan euskaraz ikastea erabaki duten horiek, udalak horretarako ematen dituen diru laguntzak eska ditzakete. Horiek matrikula egin ostean eskatu behar dira eta Bermeon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako lagunek eska dezakete. Diru laguntza horien bitartez, herritarren euskalduntzea eta alfabetatzea bultzatu gura du udalak.