Industriguneko sarrera egiteko lanak. 2010ean egin zuten sarrera
Errigoiti Arrieta Garbik 4.000 euro ordaindu behar ditu, Errigoitiko Malluki industrigunearen urbanizazio-proiektuaren kontra jarritako helegite baten harira. Joaquin Iragorri plataformako kideak azaldu duenez, “auzia galdu dugu, eta, horrenbestez, epaiketaren kostuak ordaindu behar ditugu”. Hain zuzen, 3.000 euro Errigoitiko Udalari, eta 1.000 euro Eusko Jaurlaritzari.
Iragorriren berbetan, “harrituta eta minduta” daude. Plataformakoen ustez, urbanizazio-proiektua legez kanpo dago, baina epaileak froga nahikorik ez dagoela esan du. Hala, erabakiari beste helegite bat jartzea aztertzen ari dira Errigoiti Arrieta Garbikoak.
Epaileak gaia ez duela sakon aztertu salatu du Iragorrik. “Olabarrira joateagaz nahikoa da arrazoia daukagula ikusteko”. Jaurlaritzaren teknikari baten txosten batek ere, arrazoia ematen diela dio plataformakoak. Hala, ez du epailearen jarrera ulertzen.
“Erabakia onartzen dugu, baina ez gara isilduko industrigunearen eta biomasa zentralaren proiektuak behin betiko geratu arte”. Izan ere, Errigoitiko herritarrentzat proiektu kaltegarriak direla deritzo Iragorrik. “Lanean jarraituko dugu, bertoko biztanleen eskubideak kontuan har daitezen”.