Gernikak bikain hasi du Hirugarren Mailako futbol denboraldia
Denboraldiko hirugarren partida jarraian irabazita, Gernika Futbol Taldeak bikain hasi du 2013-2014 liga. Jokatutako lau partidetatik bakarra galdu dute gernikarrek; hain zuzen, denboraldiko lehen neurketa galdu zuten.
Joan den asteburuan, bertoko taldeak 0-1 hartu zuen menpean Baskonia. Neurketa orekatua izan zen, baina Aimar Cidek bigarren zatiaren hasieran sartutako golak garaipena eman zion Gernikari.
Baskoniaren kontra nagusituta, Gernika sailkapen orokorreko hirugarren postuan dago, bederatzi puntugaz. Leioa eta Beasain lehen bi sailkatuek, bestalde, hamarna puntu daukate. Domekan Amurrio hamalaugarren sailkatuaren kontra jokatuko du bertoko taldeak ligako bosgarren jardunaldia.
Bermeo sailkapenaren behekaldean
Bermeo Futbol Taldeak, bestalde, partidarik irabazi barik jarraitzen du liga hasieran. Lau jardunaldi jokatuta, puntu bakarra lortu dute bermeotarrek.
Joan den asteburuan, esaterako, Beasain bigarren sailkatuaren zelaitik puntu barik bueltatu ziren kostaldekoak, 2-1 galduta. Asteburukoa, gainera, porrot mingarria izan zen. Bermeotarrek joko ona egin zuten, baina berriro ere, ate aurrean hutsegin zuten.
Lau partidatan puntu bakarra lortuta, bertoko taldea hemezortzigarren sailkatua da. Sailkapenaren zulotik ihes egiteko, horrenbestez, Bermeo lehenbailehen hasi behar da puntuak pilatzen. Domekan Soduperen kontra neurtuko dituzte indarrak bertokoek.