Wushful Singing taldeko kideak
Asteburuak goi mailako bi saio dakartza Gernika-Lumora. Batetik, gaur bertan Wishful Singing ahots boskotearen kontzertua hartuko du Lizeo Antzokiak; bestetik, Cesk Freixas abeslari katalandarraren kontzertua egongo da, Astra kulturarako fabrika sozialean. Puntako emanaldi bi, beraz, astea behar bezala bukatzeko.
Herbehereetako bost emakume gaztek osatzen dute Wishful Singing taldea, eta
a capella abesten dute. Hainbat estilo jorratzen dituzte eta, gainera, entzuleak erakartzeko gaitasun handia daukate. Sariak lortutakoa ere bada Wishful Singing. Esaterako, ahots taldeen Herbehereetako jaialdia eta Nederland 2 irrati katearen Kultur Talentuaren Bilaketa kanpaina irabazi zituen 2009an. Nazioarteko ospea irabazi zuen Tolosako Abesbatza Lehiaketan, parte hartu zuten ahots talde guztien artean puntuaziorik altuena jasotzean. Ondoren, Alemaniako A Cappella nazioarteko jaialdian entzulegoaren saria eskuratu zuen 2010ean.
Protesta eta musika, batera
Herbereetan ez ezik, hainbat herrialdetan eman ditu kontzertuak, eta atzotik da Euskal Herrian, Bizkaian eta Gipuzkoan baititu emanaldiak. Gainera, Josune Lopezen testuarekin eta Josu Elberdinen musikarekin osatutako Besarkatu ninduzun lana estreinatuko du berton Wishful Singingek. Morleyren, Willbyen, Scarlattiren, Flecharen, Pattersonen edota Bremerren musika ere interpretatuko du boskoteak, besteren artean.
Cesk Freixas katalandarra
Bestalde, 21:00etan hasiko da Cesk Freixasen kontzertua, bihar. Katalandarrak (Sant Pere de Riudebitlles, 1984) 2004an ekin zion bere kantautore ibilbideari. Hasi zuen proiektu politiko-musikalaren bidez, ahaztutako eta gutxi aintzatetsitako autore kantaren sonoritatea protestarekin batzea zeukan helburu, aldi berean, olerkigintza adierazpide bezala erabiliz.
Ordutik, 700 kontzertutik gora eman eta lau disko kaleratu ditu, azkena, Tocats pel foc izenekoa. Azken urteetan, bestalde, Enderrock aldizkariaren sariak irabazi ditu, entzulegoak emandako botoei esker.
Biharko saioaren ostean, domekan Donostiako Herria Tabernan joko du katalandarrak, 19:00etan, baina saio horien aurretik ere Euskal Herrian egon izana da. Besteak beste, Jonu kantariarekin batera, Dos pobles lliures –Bi herri aske– birarekin egona da zenbait euskal herritan. Bira horren barruan, Euskal Herrian lau kontzertu eman zituen bikoteak.
Kontzertuak
- Irailak 13, gaur. 20:30ean, Lizeo Antzokian, Wishful singing ahots boskotea: Anne-Christine Wemekamp (lehenengo sopranoa), Maria Goetze (bigarren sopranoa), Marjolein Verburg (mezzosopranoa), Annemiek van der Ven (alto primera?) eta Marjolein Stots (alto segunda). Sarrera: Dohainik.
- Irailak 14, bihar. 21:00etan, Astra kulturarako fabrika sozialean, Cesk Freixas kantari kataluniarra. Sarrera: 5 euro.