http://www.youtube.com/watch?v=V9BKDfcKK_s&feature=c4-overview&list=UUBkCYfe62EL_1gPz5KYhyHg
Jose Mari Gorroño, Iñaki Gorroño, Pello Urizar eta Joseba Gezuraga
Gernika-Lumoko epaitegian deklaratu du gaur goizean Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. “Terrorismoa goratzea eta zuritzea” leporatuta auzipetu dute Gorroño, aurtengo Gernika Sarietako bat Arnaldo Otegi ezker abertzaleko politikariari eman izanagatik. Alkateak berak epaitegian deklaratu ondoren esan duenez, Gernika Sarietako epaimahaikideek aho batez erabaki zuten aintzatespena Otegiri eta Jesus Egigureni ematea. “Bi gizon horiek herri honen bakearen alde eta berradiskidetzearen alde egindako lana da baloratu genuena; izan ere, uste dut hori dela bakea lortzeko benetako bidea”. Era berean, adierazi du ez diola inori opa “tankera honetako egoera bizitzerik, batez ere, herri honen bakearen eta berradiskidetzearen aldeko saria emateagatik”.
Pello Urizar EAko –Gorroñoren alderdia– idazkari orokorrarekin eta Iñaki Gorroño zinegotziarekin heldu da alkatea epaitegira. Sartu orduko Urizarrek esan duenez, alkatearen kontrako auzibideak “inongo zentzurik ez” dauka. Haren iritziz, bakearen alde egindako lana saritu zuten; hortaz, prozesuak ibilbiderik ez duela izango deritzo. “Justizia justizia izan behar bada, horrela izan dadila, eta auzia bertan behera gera dadila”.
Pello Urizar, gaur goizean, epaitegiaren aurrean
Zentzugabekeriatzat jo du EAko idazkari orokorrak alkatearen kontra zabaldutako prozesua, “azken finean, elkarrizketa edo hitza jartzen delako auzibidean”. Haren hitzetan, “Gernika-Lumoko Udalak Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren saritzea erabaki zuten, elkarrizketa erabiltzen zutelako arazo zail bat gainditzeko, Euskal Herrian normalizazioa eta bakea lortzeko. Hor ikusten du Madrilek delitu zantzua, eta hori Euskal Herriko ikuspegitik zoramena da, eta, hein handi batean, ekimen politikoa ere”
EAk, EH Bilduk eta Udalbiltzak agertu diote babesa Gernika-Lumoko alkateari, eta ordezkariak bidali dituzte gaurko saiora. Pello Urizarrez gain, Bizkaiko EAko koordinatzaile Joseba Gezuraga, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako presidentea, Iratxe Lopez de Aberasturi Udalbiltzako presidenteordea, Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramalea, Muxikako alkate Aitor Goldaraz, Busturiko alkate Miren Fatima Malaxetxebarria… dira Gernika-Lumon. Udaleko zenbait zinegotzik ere babestu dute alkatea; besteak beste, Iñaki Gorroñok, Espe Uriartek eta Goizargi Etxeandiak.
Jesus Egigurenek berak ere dio «onartezina» dela momentu hauetan epaileen jarrera. «Aurrera jarraitu eta bakea bermatu» behar dela uste du PSEko presidenteak, baina, horren ordez, «trabak jartzeko aitzakia barregarriak» bilatzen dituztela dio.
Otegi, «bekatari espetxean»
Era berean, duela hilabete inguru Otegirekin hitz egin zuela aitortu du Egigurenek: «bekatari bezala jarraitzen du espetxean, Espainiako Gobernuak eta beste botere batzuk Euskal Herrian oso gaizki gaudenaren, ETAk irabazi egin duenaren eta Bilduk zapaldu egiten gaituenaren sentzazioa bizirik manten dezaten».
Halaber, Egigurenek uste du Espainiak iparraldean arazo bat izateko beharrizana duela, hegoaldeko zein ekialdeko gainerako arazoak izkutatzeko».
Gernika-Lumoko alkatea, epaitegitik atera ondoren
Apirilaren 26an banatu zituzten Gernika Sariak, bonbardaketaren urteurrenean bertan. Otegik ez ezik, Jesus Egiguren PSE-EEko kideak ere jaso zuen saria. Biei “bakearen alde egindako ekarpena” eskertzea zeukan helburu sariak. Handik hilabetera aurkeztu zuen salaketa Dignidad y Justicia elkarteak Espainiako Auzitegi Nazionalean. Salaketan, Otegi “ETAko kide izateagatik” zegoela espetxeratuta nabarmendu zuen elkarteak, eta, hala ere, “saria ematea, goraipatzea eta jendaurreko omenaldia egitea” erabaki zutela. Gernika-Lumoko Udalak, Gernika Gogoratuz bakearen aldeko aztertegiak, Kultur Etxeak eta Bakearen Museoak osatzen dute Gernika Sarien epaimahaia, eta haietako ordezkariak ere izan ziren sari banaketa ekitaldian.
Jose Mari Gorroño, Udalbiltzako kideekin